Udazkenean egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartzeko deia egin die era guztietako entitateei Urola Garaiko Euskaraldiak. Ariguneak osatu eta izena emateko epea zabaldu da, euskaraz aritzeko guneak sortuko dituzten entitateek parte hartu dezaten. Datozen asteotan hasiko da Urola Garaiko Euskaraldiko dinamizatzailea entitateera bisitak egiten; ariguneak identifikatzen eta Euskaraldian izena emateko prozesuan laguntzeko.
Berritzailea izan zen 2018ko Euskaraldia, euskararen erabilera bultzatzeko inoiz egindako ariketa sozial masibo handiena; ilusioa, enpatia eta konplizitatea piztu zituena. Bigarren ariketa soziala 2020an izan zen, pandemia betean. Osasun egoerak erabat baldintzatu zituen bai ariketa bera, baita herri batzordeen eta entitateen lana ere. Berrikuntza nagusia arigunea izan zen, entitateetan euskaraz lasai aritzeko gunea, belarriprest eta ahobiziz osatua. 6.000 entitateren 8.300 egoitzatan osatu ziren ariguneak.
Aurtengo udazkenean egingo den ekimenaren hirugarren edizioak, berriro ere, ariguneak izango ditu protagonista, belarriprest eta ahobiziekin batera. 2020an egindako bigarren edizioan bezala, entitateek parte hartzeko aukera izango dute eta berauen funtzio nagusia euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea izango da. Pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute, aurten, Urola Garaiko Euskaraldiko sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, saltoki, taberna, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei luzatu zaie, beste behin ere.
Ariketa 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da, baina Ariguneak osatu eta izena emateko epea zabalik dago; euskaraz aritzeko guneak sortuko dituzten entitateek parte hartu dezaten. Ariguneak osatzea erabakitzen duten entitateek ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean eman ahal izango dute izena. Hala ere, datozen asteotan hasiko da Urola Garaiko Euskaraldiko dinamizatzailea entitateera bisitak egiten; ariguneak identifikatzen eta Euskaraldian izena emateko prozesuan laguntzeko.
Era berean, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera izango dute aukera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko.
Hori horrela, ekainaren 8an elkartu zen Urretxu-Zumarragako Talde Motorra eta ekainaren 15era deitu zuten Herri Batzarra. Azken horretan, erabaki da, 2022an ere Urretxu-Zumarragak Euskaraldian parte-hartzea. Laster hasiko dira bisitak merkataritzara.