Udala
Urretxuko Udalak bertan behera utzi ditu San Joan jaietako ospakizunak, muturreko beroaldia dela-eta
Udalak herritarrei dei egin die erantzukizunez jokatu, eta euren buruak zaintzeko, aire libreko ekintzak eta ospakizunak beroaldi osterako utzita
Urretxuko Udalak bertan behera utzi ditu San Joanetarako baserritarrekin eta herriko hainbat kultur eragilerekin elkarlanean antolatuta zuen egitaraua. Muturreko tenperaturen bolada betean hartu du erabakia Udalak, herritarrak babesteko. Izan ere, biharko zein etziko 40 gradu inguruko tenperaturak espero dira.
Urretxuko San Joan gaueko ospakizunean jende pilaketa handia egon ohi denez, bihar ez da suaren bueltako ekitaldirik izango. Etziko Santa Barbaran antolatuta zituen ekintza guztiak ere bertan behera utzi ditu, herritarrak zaintzeko. Bertara igotzea, norberaren erantzukizunpean, libre izango da, eta aparkaleku txikia erabilgarri ere izango da. Hori bai, ezin izango da kozinatzeko inolako surik egin, eta barbakoak ere prezintatuta daude. Bazkarirako txartelak zituztenekin harremanetan da Urretxuko Udala dagokien dirua itzultzeko, eta berdin material erreserba zutenekin ere.
Udalak, muturreko beroaldiaren aurrean, herritarrei dei egiten die erantzukizunez jokatu, eta, San Joanetan ospakizunik egin behar badute, berotik babestutako gune freskoetan egin dezatela edota ospakizunak beroaldi honen osterako utz ditzatela. Egiten dutena egiten dutela, Udalak erantzukizunez jokatzeko eskatzen du. Hala ere, nork bere burua eta elkar zaindu, eta berotik babesteko gomendio irmoa egin du Urretxuko Udalak.

