Udala
HAMAR URTE ETORKIZUNEKO URRETXU ERAIKITZEN
EAJ-PNV
Azken hamar urteotan, EAJ-PNVtik Urretxu eta urretxuarrak erdigunean jartzen dituen herri-eredua bultzatu dugu, plangintza, egonkortasuna eta konpromisoa oinarri hartuta. Ez dugu epe motzera begira jardun. Etorkizunaren ikuspegi argiarekin egin dugu lan, gaurko eta biharko bizi-kalitatea hobetzeko erabakiak hartuz.
Bide hau ez dugu inprobisazioz egin. Lehenik, suspertu beharra zuen Urretxu berreskuratu genuen; ondoren, nolako herria izan nahi genuen diseinatu genuen; eta, gaur egun, proiektu hori gauzatzen ari gara, urratsez urrats: etxebizitzan, enpleguan, zerbitzuetan, azpiegituretan eta zaintza-eredu berritzaile baten garapenean.
Ziurgabetasunaren aurrean, egonkortasuna eskaini dugu; inprobisazioaren aurrean, plangintza; eta diskurtso populisten aurrean, egindako lana eta emaitza zehatzak. Horixe izan da gure konpromisoa, eta horixe da gure gobernatzeko modua.
Gaur, Urretxu herri sendoagoa eta kohesionatuagoa da, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuago dagoena. EAJ-PNVtik ardura eta irmotasun berarekin jarraituko dugu lanean, Urretxuk aurrera egiten jarrai dezan, betiere pertsonak erdigunean jarrita.
PSE-EE
Azken urteotan, PSE-EEtik helburu argi batekin egin dugu lan: herritarren egunerokoa hobetuko duen gobernu eraginkorra osatzen laguntzea eta Urretxu bidezkoagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzea.
Udal-gobernuaren barruko elkarlanari esker, proiektu garrantzitsuak bultzatu ditugu etxebizitzaren, enpleguaren, zaintzaren eta zerbitzu publikoen arloetan. Akordioan, erantzukizunean eta herritarrekiko hurbiltasunean oinarritutako gobernatzeko moduan sinesten dugu.
Gobernuan ditugun arduretatik, arreta berezia jarri dugu gizarte-kohesioa sendotzean, inor atzean utziko ez duten politika publikoak bultzatzean eta euskara guztiontzako bizikidetza-, integrazio- eta aukera-tresna izan dadin lan egitean.
Egindako lanak erakutsi du elkarrizketaren, elkarlanaren eta konpromisoaren bidez aurrera egin eta herri hobea eraiki daitekeela. Horixe izango da aurrerantzean ere gure konpromisoa: ikuspegi soziala, aurrerakoia eta gertukoa eskaintzea, Urretxuren garapena eta herritarren ongizatea bultzatzen jarraituko duen proiektu partekatu baten barruan.
EH BILDU
2026an, EH Bildu «Elkarrizketa Nazionala» izeneko entzute-prozesua egiten ari da. Entzute eta hausnarketa kolektiboko prozesu zabal hori ikasturte politikoko ardatz nagusietako bat izan da. Aldi berean, oposiziotik proposamenak egiten eta herriaren aldeko ekarpenak lantzen jarraitu dugu.
«Elkarrizketa Nazionala» herritarren eta eragileen arteko elkarrizketa sozial eta politikorako prozesua da. Helburu nagusia herriaren egungo egoera, aurrean dituen erronka nagusiak eta herritarren nahiak aztertzea da, horren guztiaren gaineko diagnostiko partekatua osatzeko. Horretarako, lantalde zabal eta eraginkorra sortu dugu.
Kulturaren, kirolaren, enpresa-munduaren, hezkuntzaren, tokiko merkataritzaren eta lehen sektorearen arloko eragileekin hitz egin dugu, besteak beste. Horrez gain, hainbat esparrutako ehun bat lagunen iritziak eta ekarpenak jaso ditugu. Prozesu honetan, Zumarragako eta Legazpiko EH Bildurekin ere elkarlanean aritu gara, hainbat arlo estrategikotan.
Entzute-prozesu horri esker, herritarren kezka, erronka eta ekarpen nagusiak ezagutu ahal izan ditugu, bai Urretxuri, bai eskualdeari, bai Euskal Herriari begira. Horrela, Urretxuren etorkizunari buruzko diagnostiko zabala osatu dugu.
Diagnostiko horrek oinarriak emango dizkigu, gobernantza-eredu berri baten bidez, Urretxu berria elkarrekin eraikitzen hasteko.

