Udala
Urretxuk zerbitzu publikoak indartu ditu bakarrik garbitzen den bainu berriarekin
Urretxuko Udalak martxan jarri du bidegorriaren inguruan kokatutako bainu publiko autogarbigarri berria, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetzen jarraitzeko beste urrats bat emanez.
80.000 euro inguruko inbertsioarekin, azpiegitura berria erabilgarri dago jada. Jarduketa hau auzotarren eskaerari erantzuteko egin da, udal aurrekontuen lanketa prozesuan jasotako behar bati erantzunez.
Bainuaren kokapena irizpide teknikoetan oinarrituta zehaztu da, instalazio mota honek ura, saneamendua eta hornidura elektrikoa behar baititu. Hautatutako gunea, estalitako haur parkearen ondoan, baldintza horiek guztiak betetzen zituen.
Bidegorriaren inguruan kokatutako hirugarren komun publikoa da hau, eremu honetako erabiltzaileentzako zerbitzua indartuz. Zerbitzua doakoa izango da, eta egunero egongo da irekita 07:00etatik 23:00etara.
Moduluak sistema guztiz automatizatua du, bai irekiera eta itxieran, bai garbiketan, erabilera bakoitzaren ondoren egiten dena, higiene baldintza egokiak bermatuz. Gainera, barruko bainua guztiz irisgarria da mugikortasun urriko pertsonentzat.
Hiri-integrazioari dagokionez, instalazioa berdegune batean kokatzen da, zuhaitzez eta lorategiz inguratuta, ingurunearekin bat eginez eta espazio publikoaren kalitatea hobetuz. Era berean, Udalak mantentze-lan eta garbiketa periodikoak bermatzen ditu bere funtzionamendu egokia ziurtatzeko.

