Udala
Urretxu Urola Trenaren Mendeurreneko ekitaldien aurkezpenean izan da
Urretxuko Udala gaur Azpeitiko Euskal Burdinbidearen Museoan egin den Urola tren zaharraren mendeurreneko ekitaldien aurkezpenean izan da.
Herria ordezkatuz Jon Luqui alkatea bertaratu da, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunekin batera, bai eta Urola bailarako beste udalerrietako alkateekin eta ekimenaren antolatzaileekin ere.
Ekitaldian 2026ko mendeurrena ospatzeko aurreikusitako bi ekintza nagusi aurkeztu dira: batetik, Urolako Trena Maratoia 21K, eta bestetik, Euskotrenek zaharberritutako material mugikor historikoa, bereziki automotore berreskuratu bat, ospakizunaren ikur nagusi izango dena.
Bere hitzaldian, Jon Luquik Urola trenak Urretxurentzat izan duen garrantzia azpimarratu du. “Urola trenak hamarkadetan zehar gure herria egituratu zuen. Herriak lotzeaz gain, jarduera ekonomikoa, harreman sozialak eta eguneroko bizimodua sustatu zituen. Gure memoria kolektiboaren parte da”.
Halaber, alkateak nabarmendu du trenbide zaharra gaur egun Urolako Bide Berde bihurtuta izateak ekarri duen balioa, “bide Berdeak bizitza berria eman dio trenaren trazatuari. Gaur egun paseorako, kirolerako eta belaunaldien arteko topagunerako gune bizia da, eta aldi berean turismo jasangarrirako baliabide garrantzitsua, bailara osoarekin lotzen gaituena”.
Luquik adierazi duenez, Urretxuk mendeurrenarekin lotutako ekimenetan aktiboki parte hartuko du, eta bereziki positibotzat jo du maratoiaren ibilbidea Bide Berdetik igarotzea, “kirol-proba batek bide hau zeharkatzeak aukera ematen digu ondarea, natura eta herriko bizitza uztartzeko. Urretxurentzat aukera ederra da gure historia eta nortasuna ezagutarazteko”.
Aurkezpen honetan parte hartuz, Urretxuk berretsi du bere konpromisoa tren-ondarea zaintzearekin eta memoria historikoa, kultura, kirola eta garapen jasangarria uztartzen dituzten proiektuekin.

