Udala
IX. Xabier Ormazabal mendi festak mendia, kultura eta komunitatea batuko ditu maiatzaren 22an eta 23an Urretxun
- IX. Xabier Ormazabal Mendi Festak bi eguneko egitarau zabala eskainiko du mendia, kultura eta herri giroa uztartuz.
- Urretxuko Udalak 35.000 euroko ekarpena egin du 2026ko Mendi Festa antolatzeko eta 2025eko Xabier Ormazabal Beka 7.000 eurokoa izango da, Urretxuko Udalaren, Mendi Filmen eta Walk On Projecten babesarekin.
- Rokodromo proiektua martxan dagoela baieztatu dute, Mendi Festak eta Bekak sortutako mugimenduaren ondorio gisa.
Urretxun IX. Xabier Ormazabal Mendi Festa ospatuko da datorren maiatzaren 22an eta 23an. Urtez urte sendotzen joan den ekitaldia da, eta gaur egun mendia, kultura, natura eta komunitatea uztartzen dituen erreferente bihurtu da.
Aurkezpenean azpimarratu denez, hasieran xume jaio zen proiektu bat izan zen Xabier Ormazabal Mendi Festa eta haren inguruan sortutako beka. Helburua Xabier Ormazabalen memoria, mendia ulertzeko zuen modua eta haren balioak bizirik mantentzea izan zen. Denborarekin, ordea, proiektua handitzen eta sendotzen joan da, gaur egun kalitatezko egitarau zabala eta babes instituzional eta sozial handia lortuz.
Urretxuko Udalak hasieratik erakutsi duen konpromisoa ere nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, Udalak 35.000 euroko ekarpena egin du 2026ko Xabier Ormazabal Mendi Festa antolatzeko, proiektua gero eta sendoagoa bihurtu den neurrian.
Bestalde, Xabier Ormazabal Bekaren oinarrietan jasotzen denez, bekarako bideratutako diru-kopurua 7.000 eurokoa izan da. Zenbateko hori Urretxuko Udalak, Mendi Filmek eta Walk On Projectek finantzatu dute elkarlanean.
Elkarlanaren balioa
Antolatzaileen arabera, proiektu hau posible izan da erakundeen, herritarren, enpresen, federazioen eta boluntarioen arteko konfiantzari eta lankidetzari esker. “Kimika ona, konpromisoa eta emandako hitza betetzea” izan dira urte hauetan guztietan ekimena sendotu duten elementuetako batzuk.
Aurten ere egitarau sendo eta anitza prestatu da, kalitate handiko jarduerekin eta herri giroari garrantzi berezia emanez. Kirola, kultura, natura, ikus-entzunezkoak, musika eta parte-hartzea uztartzen dituen jaialdia izango da berriro ere.
Maiatzaren 22an, ostiralean, Ederrena pilotalekuan egingo den GEURE(R)A dantza bertikal ikuskizunak emango dio hasiera jaialdiari, Harrobi Dantza Bertikalaren eskutik. Ikuskizunak mendia, artea eta mugimendua uztartuko ditu, espazio ikusgarri batean.
Maiatzaren 23an, larunbatean, jarduera nagusiak Gernikako Arbola plazan egingo dira —eguraldi txarra eginez gero, Ederrena pilotalekuan—. Egun osoan zehar boulder jarduerak, haurrentzako ekintzak, natura tailerrak, ikus-entzunezkoak, musika eta herri giroa izango dira protagonista.
Goizean zehar, eskaladarekin lehen harremana izan nahi dutenentzako jarduerak egingo dira, baita esperientzia handiagoa dutenentzako erakustaldiak ere. Antolatzaileek azpimarratu dute Mendi Festaren helburuetako bat eskalada eta mendizaletasuna herritarrengana gerturatzea dela, batez ere belaunaldi berrien artean.
Arratsaldean, berriz, kulturak protagonismo berezia hartuko du. Juan Vallejo eta Juanjo San Sebastian izango dira liburu aurkezpenean, eta ondoren Patxi Arocena eta Patxi Usobiagaren arteko mahai-ingurua egingo da, kirol eskaladaren bilakaerari buruz.
Belaunaldien arteko eskalada erronka ere egingo da, adin desberdinetako taldeekin, parte-hartzea eta giro herrikoia sustatzeko helburuarekin.
Musikak ere presentzia handia izango du, Jon Maia eta Gorka Hermosaren emanaldiarekin eta gauean Francis (Doctor Deseo) musikariaren kontzertu bereziarekin. Antolatzaileek azpimarratu dute gonbidatu askok lotura pertsonala sentitzen dutela Mendi Festarekin, eta hori dela ekitaldiaren berezitasunetako bat.
Halaber, aurkezpenean baieztatu dute rokodromo proiektua martxan dagoela jada. Antolatzaileen eta Udalaren hitzetan, Mendi Festak eta Bekak sortutako mugimenduaren ondorio naturala da, eta etorkizunean herriko gazteentzat eta eskaladaren inguruko komunitatearentzat espazio estrategikoa izango da.
Mendi Festak eta Bekak hainbat erakunde eta enpresaren laguntza ere jaso dute. Horien artean daude Euskal Mendizale Federazioa, Mendi Film, Walk On Project, Smartlog, Ternua, Irizar eta Gattiken.
EGITARAUA
Maiatzak 22, ostirala – Ederrena pilotalekua
22:00 | Dantza bertikala – GEURE(R)A
Harrobi Dantza Bertikala
Maiatzak 23, larunbata – Gernikako Arbola plaza
(Eguraldi txarra eginez gero, Ederrena pilotalekuan)
09:00 | Boulder eskola kirola
11:00 | Boulder hasi berriak + haurrentzako tirolina, slack-linea, salto-saltoa eta natura tailerrak + tonbolaren irekiera
12:30 | Boulder esperientziadunak
14:00 | Bazkaria
15:00 | Umeentzako pelikula emanaldia palomitekin
16:00 | Liburu aurkezpena: Juan Vallejo eta Juanjo San Sebastian
17:00 | Mahai-ingurua: “Kirol eskalada; hastapenetatik munduko txapelketara”
Patxi Arocena eta Patxi Usobiaga
18:30 | Belaunaldien arteko eskalada erronka
19:30 | Afari-merienda + zozketa
20:30 | Musika emanaldia: Jon Maia & Gorka Hermosa
21:00 | Xabier Ormazabal Bekaren irabazlearen aurkezpena
21:30 | Proiekzioa: “Izarren Zaunka” – Iker Uranga
22:00 | Proiekzioa: “Alaska; Un pas més” – Silvia Vidal
23:00 | Musika emanaldia: Francis (Doctor Deseo) & saxoa & gitarra
Bazkari eta afarirako izen-emateak:
https://gattiken.eus/xabiormazabal/

