Urretxuko Udalean kontuhartzaile postua betetzeko aukeraketa prozedura jasotzen den oinarriak argitaratu ziren lehengo ostiralean Gipuzkoako Aldikari ofizialean. Bitarteko izaeraz eta oposizio-lehiaketa sistemaren bitartez beteko da postua.
Baldintzen artean honako titulu akademiko hauetako bat izatea eskatzen da: Zuzenbidean lizentziatua, Enpresen administrazio eta zuzendaritzan lizentziatua, Ekonomian lizentziatua edo Finantza eta aktuariotza Zientzietan lizentziatua edo dagokion Graduaren titulua. Horrez gain, lanposturako 4. hizkuntza eskakizuna bete behar da nahitaez, ziurtagaria aurkeztuz edo azterketa froga gaindituz.
Urretxuko udaletxean eskabideak aurkezteko epea abuztuaren 26an amaituko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioa Departamentuko Araubide Juridikoko Zuzendaritzako teknikari bat Epaimahai Kalifikatzaile buru izango da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuko bi teknikariekin osatuko dute epaimahaia. Era berean, euskara maila balioesteko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkari bat izendatuko da.
4. hizkuntza-eskakizunaz gain, lehen ariketan epaimahaiak zehaztuko dituen hainbat kasu praktikotan erantzun egin beharko da, betiere gai-zerrendan zehaztutako gaiekin loturik. Ariketa hori kalifikatzeko gehienekoa 50 puntu izango da, eta gutxienez 25 puntu lortu beharko dira gainditzeko. Azkenik, proba psikoteknikoak eta/edo elkarrizketa pertsonala egingo zaie izangaiak lanpostuaren profilerako egokiak diren ebaluatzeko.