Select your language

Kultura-Gazteria

Santa Anastasia jaietako 2026ko egitarauaren azal lehiaketak berrikuntza izango du: jaien alaitasuna eta bizitasuna islatu beharko ditu
Featured

Santa Anastasia jaietako 2026ko egitarauaren azal lehiaketak berrikuntza izango du: jaien alaitasuna eta bizitasuna islatu beharko ditu

Aurreko urteetan bezala, askotariko teknikak baliatu ahalko dira, baina ezin izango da Adimen Artifiziala erabili.

Aurten ere, Urretxuko Udalak 2026ko Santa Anastasia jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa deitu du. Lehiaketaren bidez, herriko jai nagusien irudia izango den lana aukeratu nahi du. Aurten berrikuntza nagusi bat izango du lehiaketak: proposamenek jaiek komunitatean alaitasuna eta bizitasuna transmititzeko duten gaitasuna bereziki balioztatuko da. Izan ere, oinarriek berariaz jasotzen dute lanek Santa Anastasia jaien espiritua islatu beharko dutela: kolorea, giroa, parte-hartzea eta herriko jaietako energia bizia.

Lehiaketan parte hartu ahal izango du nahi duen pertsona orok, eta egile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Lanek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, eta ezingo dira Adimen Artifizialaren bidez sortuak izan. Teknika ugari onartuko dira: diseinu digitala, ilustrazioa, marrazkia, collagea, pintura, argazkigintza, fotomuntaketa, grabatua, akuarela, teknika mistoa, errotulazioa, konposizio tipografikoa edo bestelako teknika plastiko edo grafikoak.

Aurkeztutako lanek honako testua jaso beharko dute: “URRETXUKO JAIAK 2026 SANTA ANASTASIA”. Era berean, irudiak genero-irudikapenean oreka bilatu beharko du, rol eta estereotipo tradizionalak indartu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloko diferentzien tratamendu gutxiesgarria saihestuz. Ez da onartuko aldarrikapen sexistarik edo politikorik, ezta alkoholaren edo drogen kontsumoarekin lotutako mezurik, irudirik edo bestelako elementurik ere.

Lanak 2026ko ekainaren 26ko 20:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira, Aizpurunea kultur etxean: Jauregi 19, 20700 Urretxu. Lanen neurria 21 cm altueran eta 22,5 cm zabaleran izango da, eta atzealdean 30 x 35 cm-ko kartulina batez indartuta aurkeztu beharko dira.

Lehiaketak 300 euroko sari bakarra izango du. Lan irabazlea Urretxuko Udalaren esku geratuko da, eta Udalak izango ditu hura inprimatu, argitaratu, ezagutarazi eta erabiltzeko eskubideak. Epaimahaiak uztailean jakinaraziko du erabakia, aurrez iragarriko den data batean, Aizpurunea kultur etxean egingo den sari banaketan.

Aurkeztutako lanekin erakusketa egiteko aukera ere aurreikusten da. Lan irabazlea, eta lehiaketara aurkeztutako gainerako lanak edo epaimahaiak aukeratutakoen hautaketa, irailaren 22ra arte egon ahal izango dira ikusgai Urretxuko Aizpurunea kultur etxean.

Urretxuko Udalak herritarrak eta sortzaileak animatu nahi ditu lehiaketan parte hartzera, Santa Anastasia jaietako irudia izango den lan bizi, alaia eta adierazgarria aurkeztera. Jaiak herriaren topagune, ospakizun eta parte-hartze gune diren heinean, azalak ere espiritu hori jaso eta zabaltzea izango du helburu.

Oinarriak hemen 

Select your language

Urretxuko udala