Udala
Urretxuko Udalak FITURen parte hartu du Ignaziotar bidea kalitatezko turismo-helmuga gisa indartzeko
Madrilgo FITUR azokan, Turespañaren standean, Ignaziotar bidearen aurkezpena egin da eta 80 udal ordezkari inguruk babestu dute ekimena
Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroak adierazi du Ministerioak proiektua lagunduko duela: “elkarrekin ibiliko gara eta lurraldeak batzen dituen ekimen hau babestuko dugu”
‘Ignaziotar bidea: bide bat, 10 helmuga’ lelopean, turismo-proposamen berria aurkeztu da, baita caminoignacianoturismo.com webgunea eta lehen bideo promozionala ere
Urretxuko Udalak gaur arratsaldean Madrilen izan da, FITUR 2026 Turismoaren Nazioarteko Azokaren baitan, Ignaziotar bidea turismo-ibilbide gisa sendotzeko egin den aurkezpen-ekitaldian. Jardunaldiaren helburua argia izan da: bidea barnealdeko turismoaren erreferentzia gisa kokatzea, kalitatean, jasangarritasunean eta esperientzia autentikoan oinarrituta.
Ekitaldia Turespañaren standean egin da (Estatuko turismo-sustapenerako gunea), eta bertan bildu dira ibilbidean parte hartzen duten lurraldeetako ordezkariak: Katalunia, Aragoi, Nafarroa, Errioxa eta Euskadiko udalerrietako 80 ordezkari inguru. Urretxurekin batera, besteak beste, Kanpezu, Legazpi, Zumarraga, Azkoitia, Azpeitia eta Laguardia ere bertan izan dira.
Ministerioaren babesa, agerian
Aurkezpenean, Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroak proiektuaren aldeko konpromisoa berretsi du, eta nabarmendu du Ignaziotar bideak bat egiten duela Gobernuak bultzatu nahi duen turismo-ereduarekin: denboraldiz kanpoko turismoa, masifikaziotik urrundutakoa eta barnealdeko helmugak balioan jartzen dituena. Ministroaren hitzetan, “elkarrekin ibiliko gara eta lurralde askotarikoak batzen dituen ekimen hau babestuko dugu, barnealdeko eta kalitatezko turismoaren alde lan egiten duelako”.
Bestalde, Marc Aloy Manresako alkateak eta Ignaziotar bideko Udalerrien Elkarteko (AMCI) presidenteak, azpimarratu du proiektu honek “lurralde anitzak helburu partekatu baten bueltan” elkartzea lortu duela, eta bidea espiritualtasunetik harago doan eskaintza dela: “ondarea, natura, gastronomia, osasuna eta historia” uztartzen dituen ibilbide aberatsa, tokian tokiko garapenerako aukera ugari eskaintzen dituena.
Tresna berriak eta proposamen turistikoa
Ekitaldiak agerian utzi du ibilbideko 90 udalerri baino gehiagoren inplikazioa eta elkarlana. FITURen, gainera, Ignaziotar bidearen turismo-dimentsioa indartzeko tresna eta eduki berriak aurkeztu dira.
Horien artean, nabarmendu da ‘Ignaziotar bidea: bide bat, 10 helmuga’ proposamena: bidearekin lotutako 10 helmuga turistiko ezagutaraztea, hiru eguneko bisitetan antolatuta, lurralde bakoitzeko erakargarritasun nagusiak (ondarea, kultura, natura, gastronomia…) plazaratzeko.
Era berean, aurkeztu da caminoignacianoturismo.com webgunea. Plataformak ibilbide osoan zehar dauden 92 udalerrien turismo-baliabideak bilduko ditu eta pixkanaka eduki berriekin osatuko da. Azkenik, Ignaziotar bidearen funtsa islatzen duen bideo promozional berria ere estreinatu da.
Isilunea eta elkartasuna
Ekitaldia Estatu osoan Córdoba eta Gelidako tren-istripuek eragindako dolu testuinguruan egin da. Horregatik, aurkezpena biktimen omenezko isilune batekin hasi da.
2029ra begirako ibilbidea
Proiektuak 2029ra arteko ekintza-plana onartuta du, eta hainbat lan-ildo jasotzen ditu: seinaleztapena bateratzea, herritarren sentsibilizazioa indartzea, marka partekatua eta tresna digitalak garatzea, eta aliantza berriak eratzea, bideak lurraldeetan inpaktu positiboa izan dezan. 2029an proiektuak bereziki garrantzizko unea biziko du, Jubileuarekin bat etorriko delako.
FITURen baitan, AMCI elkarteak Madrilen egin duen batzarrean udalerri berrien atxikimendua ere onartu da eta hurrengo hilabeteetako lan-ildo nagusiak adostu dira.
650 kilometroko historia eta paisaia
Ignaziotar bidea 1522an Ignazio Loiolakoak egindako ibilbidea berreskuratzen duen ruta da: Loiolatik (Azpeitia)abiatu, eta Manresara iristen da, han hamaika hilabetez egon baitzen. Guztira, bideak 650 kilometro ditu, eta 20 etapa ingurutan antolatuta dago. Ibilbideak bost autonomia erkidego lotzen ditu: Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Aragoi eta Katalunia.
🎥 FITURen aurkeztutako bideo promozionala:
https://vimeo.com/1150299360/3c2634865e

