Select your language

Udala

Mugikortasuna eta aparkalekua: aztertu, entzun eta erabaki

Urretxuk Mugikortasun Plan berria onartu zuen uztailean, herriko eguneroko mugikortasuna gaur egungo beharretara egokitzeko.

Mugikortasunaz eta aparkalekuaz hitz egitea ez da erraza Urretxun. Ibilgailu kopuru handia eta hiri-espazio mugatua ditugu, eta herritar askok autoa behar dute herritik kanpo lan egiteko. Horri egoiliarren, langileen, bisitarien eta merkataritzaren beharrak gehitu behar zaizkio. Oreka aurkitzea zaila da, eta ez dago irtenbide bakarra.

Azken urteotan OTA sistema pixkanaka ezarri eta egokitu dugu. Neurri batzuek beste batzuek baino hobeto funtzionatu dute, baina sistemak ez ditu arazo guztiak behar bezala konpondu. Horregatik, udaberrian OTAko 3. eta 4. guneak martxan jartzeko prozesua hasi zenean, herritarrek adierazitako zalantzek eta ekarpenek planteamendua berrikustera eraman gintuzten. Udalak gune horien ezarpena geldiarazi eta gaiari ikuspegi zabalago batetik heltzea erabaki zuen.

Mugikortasun Plan berriak datu objektiboetan oinarritutako diagnostikoa eskaintzen du: ibilgailu kopurua, okupazio-mailak, gabezia handienak dituzten eremuak eta aparkalekuaren erabileran dauden desorekak.

Horrez gain, Udalak Aparkaleku Plan Integral bat enkargatu du, egoera oso-osorik aztertu eta epe labur, ertain eta luzerako irtenbideak proposatzeko.

Helburua ez da aurretik hartutako erabakiak justifikatzea, baizik eta zer ari den ondo funtzionatzen, zer aldatu behar den eta zer aukera berri abiaraz daitezkeen aztertzea. OTA tresna bat da, baina ezin da aparkaleku-arazoari emandako erantzun bakarra izan.

Urretxuk eta Zumarragak oso lotuta dagoen hiri-eremua osatzen dute. Horregatik, udalerri batek hartutako erabakiek eragina dute bestean. Bi udalen arteko koordinazioa indartzen saiatu behar gara: diagnostikoak partekatu, erabakien ondorioak aurreikusi eta, ahal den neurrian, bateragarriak diren irtenbideak bilatu.

Kudeatzea entzutea eta zuzentzea ere bada. Udalak erabakiak hartzeko ardura du, baina baita horiek berrikustekoa ere, datuek, esperientziak edo herritarren ekarpenek aukera hobeak daudela erakusten dutenean.

Hori da jarraitu nahi dugun bidea: erabaki aurretik aztertzea, irtenbideak OTAz harago zabaltzea eta Urretxuren errealitateari hobeto erantzungo dion mugikortasun- eta aparkaleku-sistema baten alde lan egitea.

Select your language

Urretxuko udala