Udala
Iragan industrialetik etorkizuneko aukeretara
Hamarkada luzez industria izan da Urretxuren nortasunaren parte. Lantegiek eta tailerrek gure herriko paisaia, ekonomia eta familia askoren bizimodua markatu dituzte. Belaunaldi osoek aurkitu dute bertan lana, egonkortasuna eta bizi-proiektu bat eraikitzeko aukera.
Baina Europako beste herri industrial askotan gertatu den bezala, ekonomia-ereduaren aldaketek enpresa historiko askoren itxiera ekarri zuten. Garai batean oparotasunaren ikur izan ziren espazio haiek, pixkanaka, hutsik geratutako pabiloi, lur kutsatu eta abandonatutako industria-lursail bihurtzen hasi ziren.
2015ean, Udaletik eta EAJ-PNVren gidaritzapean, erabaki argia hartu genuen: Urretxuk ezin zuen egoera horrekin konformatu. Espazio degradatu horiek berreskuratzea ez zen soilik hirigintza-kontua; udalerriaren eta eskualde osoaren etorkizun ekonomikoaren aldeko apustu estrategikoa zen.
Harrezkero, denboran iraungo duen estrategia bati ekin diogu: industria-lursail degradatuak garbitu, berreskuratu eta berriro jarduera ekonomikorako prestatzea, ekimen eta proiektu berriak erakartzeko baldintzak sortuz.
Lehen esku-hartzeetako bat Irimoko industria-eremuan egin zen. 2001ean itxi ondoren, urte luzez abandonatuta egon zen. Udalak 2015ean lanean hasi zenean egoera kezkagarria zen: ingurumen-kutsadura, okupazio irregularrak eta ingurune osoaren narriadura. Gaur egun, ordea, espazio horrek berriz ere jarduera industriala hartu du, eskualdeko Talleres Mecánicos Telleria S.A. enpresak sustatutako instalazio berriari esker.
Beste adibide esanguratsu bat Sarralde fundizio zaharraren lursaila da. Urte luzez lan egin zen eremua garbitzeko, hondakin arriskutsuak kentzeko eta etorkizuneko jarduera baterako prestatzen uzteko. Azkenean, Udalak egindako kudeaketen ondoren, 2020an SPRILUR Eusko Jaurlaritzaren industria-birgaitzean espezializatutako sozietate publikoak erosi zuen lursaila, eta 2024an Smartlog ingeniaritza-enpresak hartu zuen lekukoa. Enpresa hori berrikuntza teknologikoari lotutako instalazio berriak garatzen ari da, eta 2026an hasiko da jarduera.
Eskualdearentzat une gogorrenetako bat 2016an iritsi zen, ArcelorMittal enpresak Zumarraga eta Urretxu artean zuen planta itxi zuenean. Hasieratik argi izan genuen halako industria-eremu handi batek ezin zuela abandonura kondenatuta geratu. 2021eko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari esker, gaur egun Urretxuko Kaminpe eremuko 32.000 metro karratu baino gehiagotan urratsak ematen ari dira ekonomia zirkularrari lotutako proiektu industrial berri bat ezartzeko. Aurreikuspenen arabera, 2026an jarriko da martxan Europan aitzindaria izango den planta bat, industria- eta eraikuntza-hondakinak balorizatzeko.
Gaur egun martxan dauden proiektu hauek, eta 2026 eta 2027 bitartean amaituko diren ekimenek, guztira 73.500 metro karratu industria-lursail degradatu garbitu eta berraktibatzea ekarri dute. Eraldaketa onek, gainera, hamar urte hauetan 250 enplegu zuzen baino gehiago sortu ditu.
Halako eraldaketak ez dira kasualitatez gertatzen. Industria-lursail degradatuak berreskuratzeak ikuspegi politikoa, epe luzeko plangintza eta etengabeko kudeaketa eskatzen ditu. 2015etik hona, EAJ-PNVk gidatutako udal gobernuak bide horretan jardun du: iragan industrialetik jasotako arazoak aukera ekonomiko eta sozial bihurtzeko.
Oraindik badago zer egina, noski. Baina gaur Urretxuk erakusten ari da posible dela bere iragan industriala etorkizun sendo baten oinarri bihurtzea.

