Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Azahara Dominguezek, datorren asteko Fitur Nazioarteko Turismo Azokan aurkeztuko diren bost atrakzio turistiko ezagutarazi ditu gaur, eskualdetako berrikuntza eta garapen agentzietako ordezkariekin batera. Aurkezpenean izan da Urretxuko alkate eta UGGASAko, eskualdeko sustapen turistikoaren arduraduna den Urola Garaiko Garapen Agentziako presidentea, Jon Luqui.
Urola Erdiak, Debagoienarekin eta Urola Garaiarekin elkarlanean, Hiruma proiektua eramango du Madrilera. Hiruma, Euskadiren ariman zeharreko bidaia, eskualdeaz gaindiko proiektua da. Hiru helmugetako turismoa batera proiektatzeko marka turistikoa da, eta helburua da Euskadiko barnealdeko helmuga erreferente bihurtzea.
Foru Aldundiko arduradunak adierazi duenez, proiektu horiek guztiak "ezin hobeto" egokitzen dira Gipuzkoan aspaldidanik bultzatzen ari den desestazionalizazio eta deslokalizazio estrategiara. "Baina ez hori bakarrik, ezarri nahi dugun eta Fiturren aurkeztuko den turismo eredu berriari ere ezin hobeto erantzuten diote: jasangarria izateaz gain, birsortzailea ere izango den turismoa, bisitatzen gaituztenek Gipuzkoa zaintzen laguntzeaz gain, gure lurraldean eta tokiko komunitatean eragin positiboa izan dezaten".
"Une erabakigarri batean gaude gure lurraldean nahi dugun turismo mota definitzeko, eta Fitur lehen mailako erakusleihoa da, ez bakarrik Gipuzkoa helmuga turistiko gisa sustatzeko, baizik eta interesatzen zaigun turista profila erakartzeko, bisitatzeko ez ezik, elkar ezagutzeko, gure kultura, tradizioak eta esentzia ezagutzeko, eta, jakina, gure ingurunea eta gipuzkoarrak errespetatzeko kezka duen turista bat, alegia", adierazi du diputatuak, eta gogorarazi du turismo-industria Gipuzkoako BPGaren % 8,4 dela, eta, beraz, "enpleguaren eta aberastasunaren iturri garrantzitsua" dela. "Aberastasun hori lurralde osoan modu orekatuan banatu dadin lan egin behar dugu, gero eta familia gehiagok izan dezaten industria horren onura. Horregatik, bisitariak gure lurraldean barneratzeko proiektuak aurkezten saiatzen gara", gaineratu du.
Hiruma proiektuarekin batera beste lau egitasmo aurkeztuko dira: Oiassoko termak eta Irungo Irugurutzetako labeak, Geoparkeko Bira ibilbidea, Urola Kostako turismo-marka berria, eta Zumarragako Hauspoa eta tunela proiektua.