Aurreko asteburuan Sarraldeko azpiegituretan izandako arazoen ondorioz, Urretxuko Udaleko Bozeramaile Batzordean honen berri eman dugu.
* Ikusi atxikitutako jakinarazpen ofiziala
Urretxuko Udaleko Bozeramaile Batzordean honen berri eman dugu:
Aurreko asteburuan Sarraldeko azpiegituretan izandako arazoen ondorioz, eta bertan entsaiatzen duten musika taldeek egindako lokal eskaera urgenteari erantzunez, Urretxuko Udalak Labeaga aretoaren erabilera lagatzea erabaki du; datozen egunetarako behin behineko irtenbide moduan, aipaturiko taldeek Santa Anastasia jaietan eskainiko dituzten kontzertuak era egokienean prestatzeko aukera izan dezaten.
Era berean, Labeaga aretoan aritzen diren kolektiboei eskerrak eman nahi dizkie, musika taldeei tokia utzi ahal izateko beren eguneroko ordutegiak moldatzeagatik.
Sarraldeko lokaletan pilatutako uraren ondorioz, eta txosten teknikoak hala aholkatuta, pasa den astelehenean lokal horiek hustu egin behar izan zituen udalak, arriskuak ekiditeko.
Udala errealitate honen garrantziaren eta egoera honen larritasunaren jakitun da. Lokal haietan MUTAMU kolektiboak biltzen dituen 25 bat talde, eta Urretxu eta Zumarragako gazte kopuru handi bat aritzen da.
Horrenbestez, gaia sakonki lantzen hasi gara, arazo honi behin betiko irtenbidea emateko, kolektibo horren beharrei erantzungo dien irtenbide sendo bat.
Horren harira, Zumarragako alkateari ere idatzi bat bidali zaio, irtenbide eta proposamen ezberdinak elkarrekin lantzeko.
Helburu berarekin, Jon Luqui Albisua, Urretxuko alkatea, MUTAMUko ordezkariekin elkartuko da datorren ostegunean.