Urte berezia izaten ari da 2021 hau ere, eta San Juanak ere halakoak izango dira gurean, bigarrengoz.
Kondairak dio gau magiko hau momentu aproposa dela gertakari eta kontu zaharrak sutan erre eta asmo berriei lekua egiteko.
Bizi dugun egoerak, ordea, aurten ere, ez digu Gernikako Arbola Plazan ohiko sua egiten utziko, ezta sorginak eta herritarrak dantzan ikusteko aukerarik emango. Alabaina, ezin dugu eta ez dugu ahaztu nahi San Joan denik; horregatik, Udala festa honetan parte hartzen duten eragileekin bildu da azken asteotan eta programa xume baina esanguratsua prestatu dute, denen artean. Adierazi digute jaiaren muinera iristeko aukera polita dela aurrean duguna, festa handiak, musikak eta atrezzoa alde batera utzi eta Solstizioaren eta San Joan egunaren benetako esanahi horretara gerturatzekoa.
Hala, ospakizuna 23 ilunabarrean egitea erabaki da, 24ko erromeria datorren urterako utzita.
Asteazken iluntzean, urteko egunik luzeenaren amaieran, Urretxuarrentzat enblematikoa eta elkargune berezia den Santa Barbarako Ermitan meza egingo da, non auzotarrek loreak bedeinkatzeko aukera izango duten. Mezan bertan, bertsolariek saio laburra eskainiko dute, erromeriaren egunean egin ohi duten moduan.
Meza amaituta, kanpai hotsekin, suaren momentu magikoari emango zaio hasiera: inguruko baserritarrek, lehengo ohitura zaharrari jarraituz, San Joan Arbola ipiniko dute Santa Barbaran, giza indarra erabiliz.
Jarraian, su txiki bat piztuko da, aurtengo gertakizun txar guztiak erre eta berriei tokia egiteko.
Dantzariak ere bertan izango dira, su berria agurtzen.
Bitartean, herrian, Lizarriturri Txistulari Elkarteak kalejira egingo du herri osoan zehar, eta Iparragirre-Balerdi Musika tailerra ere Urretxuko kaleetan ibiliko da, giroa alaitzen.
Kalejiraren amaierarekin amaituko da aurten San Joan festa.
Trafikoan ere izango du eragina ekitaldiak. Izan ere, asteazkenean – hilak 23 - 9:00etan hasi eta jarduera amaitu arte, ezingo da Santa Barbarako beheko aparkaleku txikia (asfaltatu gabekoa) erabili. Gainera, Udaltzaingoak gogorarazten digu, Santa Barbarako bidean ezin dela autorik aparkatu.