Urretxuko Udalak maiatzaren 25ean egindako osoko bilkuran, aho batez onartu zuen Hiri-Antolamenduko Plan Orokorra idazteko diru partida haunditzea;
horrela, 2017ko eta 2018ko ekitaldietarako aurreikusitako 200.000 euroez gain, urte anitzetarako kreditua haunditu eta beste 96.000 euroko konpromiso kreditua egokitu du 2019ko ekitaldirako.
Hirigintza Saileko zinegotzi arduradun Igor Zubillagak azaldu zuenez, planeamendu batzordeak egina du barruan egin beharreko lana, eta lehen urratsak ematen ari dira Plan Orokor berria idazteko zerbitzu kontratuaren lizitazioa egiteko.
Era berean, Plan berriaren edukiaren laburpen bat egin zuen zinegotziak; indarrean dagoen hirigintza planeamenduaren diagnostikoa jaso beharko du plan berriak, baita ere gaur egungo arazoak, etxebizitzari, jarduera ekonomikoei, nekazal inguruari, mugikortasunari … dagokienez. Hortik aurrera, plan orokorraren aurrerapena idatziko da, esku-hartze irizpideak eta egon litezkeen antolamendu aukerak sartuz, derrigorrezkoa den ingurumeneko agiriaz gain.
Gobernu taldearen asmoa udal taldeekin elkarlan bati hasiera ematea da, 2018ko urte amaierarako planeamenduaren hasierako onarpena izateko, legealdi honetako azken fasea hasi aurretik.
Alde horretatik, alkateak azaldu zuenez “bidea elkarrekin egin beharra dago, testua onartzeko gutxieneko adostasuna lortu arte, hurrengo korporazioak tramitazioarekin jarrai dezan, egindako lana aprobetxatuz, zalantzan jarri gabe”. Planeamendu berri bat edukitzeko beharraz ohartarazi zuen Jon Luquik, “egindako inbertsio guztia egin den arren, oraingoak ez baitu balio, hutsune asko ditu eta edozein eremutan ukitzen dugun fitxa bakoitzean beti dago ondo ez datorren zerbait”.
2018ko irailak 24, jai eguna
Aldaketa honetaz gain, osoko bilkura lasai joan zen eta gai-zerrendako puntu guztiak aho batez onartu ziren; besteak beste azpimarratzekoa da herriko jai egunaren onarpena, 2018ko irailaren 24an egingo dena (Santa Anastasia irailaren 22an baita).
Era berean, Udalak hitzarmen bat onartu zuen Ertzaintzarekin, eta horrenbestez, Urretxuko udaltzaingoa polizia autonomikoaren TETRA Irrati Mugikorreko Sare Digitalean sartzen da, informazioa modu eraginkor batean elkartrukatzeko.
Udalak beste bi hitzarmen onartu zituen, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Izenperekin. Modu horretan, Udalak Foru erakundearen legezko ordezkarien erroldara izango du sarbidea, eta Izenperekin, Erregistro Entitate gisa, hitzartzen du identifikaziorako eta sinadurarako baliabide elektronikoak egitea.