Select your language

Kultura-Gazteria

Atsolorra, iaz jaiotako haurrei ongi etorria, egingo die Urretxuko Udalak, Santa Anastasia jaietako txupinazoa bota aurretik
Featured

Atsolorra, iaz jaiotako haurrei ongi etorria, egingo die Urretxuko Udalak, Santa Anastasia jaietako txupinazoa bota aurretik

Ekitaldi goxoa musikaz, dantzaz, bertsoz, oroigarriz eta opariz jantzia izan izango da, eta elkarrekin meriendatzeko aukera ere izango dute

Urretxuko Udalak, aurten estreinakoz, iaz, 2025ean, jaiotako haurrei ongi etorria egingo die. Atsolorra izeneko ongi etorria egiten zitzaien haurrei komunitatera, eta izen berarekin antolatu du ekitaldia Sustapen Soziokulturalerako sailak. 17:00etan hasiko da ekitaldia, udaletxeko portaloian, eta herriko hainbat artista eta eragilek hartuko dute parte ongi etorrian.

Uxue Kerejetaren musikaz, Lurra dantza taldekoen agurraz eta Antton Fernandez eta Beñat Torresen bertsoez osatuko da ekitaldia. Horretaz gainera, Urretxuko Udaleko ordezkariek oroigarri bana emango diete, jaietako zapiak jantziko dizkiete eta Urretxuko erraldoiak emango dizkiete opari. Ekitaldia elkarrekin egingo duten meriendarekin bukatuko da.

Jaio ziren, baina gure artean ez diren haurrak

Urretxuko Udalak, Esku Hutsik elkartearekin elkarlanean, jaio ziren, baina gure artean ez diren haur horiek ere gogoratu nahi ditu, familien eta urretxuarren parte direlako. Hala, horien oroimenerako ekitaldia ere izango da, eta Nerea del Barrio hitzartzea egingo du. Esku Hutsiken izenean opari bana ere emango die, aurrez aipatutako oroigarri eta opariekin batera.

Izen ematea, aurrez, erraz, antolaketa errazteko

Antolaketa errazteko, parte hartuko duten familiek izen ematea eskertuko lukete antolatzaileek. Horretarako, 605 772 842 telefono zenbakira WhatsApp mezua bidali dezakete —haurraren izen-abizenak eta etorriko diren pertsonen kopurua adieraziz—, edo 943 038 090 telefono zenbakira deitu dezakete informazio bera emateko.

Select your language

Urretxuko udala