Kultura-Gazteria
AMUAK esplorazio eta esperimentazio kultur programa jarriko du martxan Urretxuko Udalak
Urretxuko Udalaren programak musika, sorkuntza, teknologia eta tailerrak uztartuko ditu urrian eta azaroan, publiko berrietara iristeko
Urretxuko Udalak AMUAK programa aurkeztu du, kulturara jakin-minetik eta gozamenetik hurbiltzeko proposamen berria. «Irentsiko bazenu?» lelopean, urri eta azarorako egitarauak kontzertuak, hitzaldiak eta tailerrak bilduko ditu, herritarrei ikasteko, sortzeko eta elkarrekin esperientziak bizitzeko aukerak eskaintzeko.
AMUAK esplorazio- eta esperimentazio-programa da. Helburu nagusietako bat kultur publiko berrietara iristea da, bereziki egungo programazioan presentzia txikiagoa duten 20 eta 50 urte bitarteko herritarrengana. Aldi berean, adin eta interes desberdinetarako proposamenak jasotzen ditu, haur txikientzako perkusio-tailerretik hasi eta sorkuntza, teknologia edo naturaren inguruko jardueretara.
Programak kulturarekiko lotura iraunkorragoak sortu nahi ditu, noizbehinkako parte-hartzea sendotuz eta antzeko zaletasunak dituzten herritarren arteko sareak sustatuz. Kultura, artea eta sormena harremanetarako, norberaren garapenerako eta ongizate emozionalerako tresna gisa ulertzen ditu.
Horretarako, bertako zein Euskal Herriko sortzaile eta adituen parte-hartzea izango du, eta Urretxuko kultur espazioen erabilera berriak esploratuko ditu. Herritarren erantzuna, interesak eta esperientziak etorkizuneko kultur eskaintza anitzagoa eta haien beharretara lotuagoa eraikitzeko baliatuko dira.
Urria: arpa, adimen artifiziala, zirkua eta pintura
Urriak 18: Francesca Romana di Nicola arpa-jotzailea, Juan de Lizarazun, 18:00etan. Doan.
Urriak 21: «Descubriendo la IA generativa: fundamentos, riesgos y elementos clave» tailerra, Imanol Teranen eskutik, kultur etxean, 18:00etan. Doan.
Urriak 30, azaroak 14 eta abenduak 11: Lehen Hezkuntzako haurrentzako zirku-tailerra, Pagoetan, 16:30etik aurrera. Udazkeneko hiru saioak: 5,30 euro.
Urriak 30: gouache pintura-tailerra, Josu Marotorekin, Juan de Lizarazun, 18:00etatik aurrera. 5,30 euro.
Azaroa: sukaldaritza, perkusioa, musika, zuhaitzak eta fanzineak
Azaroak 4: oinarrizko sukaldaritza-tailerra, Bittor Kasekin, 18:00etan. 5,30 euro.
Azaroak 7: 2–4 urteko haurrentzako perkusio-tailerra, Zozongoren eskutik, 11:00etan. 5,30 euro.
Azaroak 20: DIZZ taldearen kontzertua, Juan de Lizarazun, 18:00etan. Doan.
Azaroak 26: «Euskal Herriko zuhaitzak» hitzaldia, Jakoba Errekondo eta Markel Arriolabengoaren eskutik, kultur etxean, 18:00etan. Doan.
Azaroak 28 eta abenduak 5: marrazki-ariketen fanzine-tailerra, Maddi Iraetarekin, Juan de Lizarazun, 10:00etan. 5,30 euro.
Azaroak 29: barruak husteko perkusio-tailerra, Zozongoren eskutik, Pagoetan, 18:00etan. Doan.
Izen-emateei adi: plaza mugatuak
Urretxuko Udalak herritarrak AMUAKen proposamenetara hurbiltzera eta esperientzia berriak probatzera gonbidatzen ditu. Plazak mugatuak dira; beraz, jarduera bakoitzaren izen-emateei adi egotea gomendatzen da.

