Azaroaren 16an, larunbata, Pau Alabajos kantautore valentziarrak kontzertu solidarioa eskainiko du 19:00etan Urretxuko Labeaga Aretoan. Jatorriz Torrentekoa da, l'Horta Sud eskualdekoa, urriaren 29an Valentziako herrialdearen zati bat suntsitu zuen DANAk gehien kaltetu zuenetako bat.
Sarreraren zenbateko osoa (dohaintzak 5 €-tik aurrera) Fundació Horta Sud fundazioari emango zaio. Fundació Horta Sudek 52 urte daramatza elkarte-mugimendua lantzen eta indartzen, eta, gaur egun, dirua biltzen ari da kaltetutako pertsonen berreraikuntza sozial eta psikologikorako hainbat proiektutarako.
Pau Alabajos bere kantu borrokalariengatik eta Vicent Andrés Estellésen poemak musikatzeagatik da ezaguna. Bederatzi disko argitaratu ditu eta hainbat sari jaso. Valentziako gizarte-mugimenduek bultzatutako borroka- eta elkartasun-ekitaldietan parte hartu ohi du. Halaber, Col · lectiu Ovidi Montllor (COM) delakoaren bultzatzaileetako bat izan zen. PPren gobernuetan, zentsurari eta valentzierazko musikaren ikusezintasunari aurre egiteko jaio zen, eta, urtero eta 2006tik, Premis Ovidi gala ospatzen du.