Kirolak
Zesta-punta Urretxura iritsiko da irailaren 4an
Puntistarik onenak Ederrena pilotalekuan izango dira, eta aurretik zesta-punta ikastaroa antolatuko da herritarrentzat.
Urretxuk zesta-puntaren hitzordu nagusietako bat hartuko du irailaren lehen astean. Open Jai Alai txapelketaren barruan, irailaren 4an (ostirala), 18:30etan, Ederrena pilotalekuak maila goreneko jaialdia hartuko du.
Open Jai Alai zesta-punta sustatzeko egitasmo bat da. Txapelketak ez du soilik goi mailako lehia eskaintzen; herriz herri modalitatea ezagutarazteko ekintzak ere antolatzen ditu, belaunaldi berriak kirol honetara gerturatzeko.
Urretxuk lotura historikoa izan du zesta-puntarekin. 1966an jokatu ziren lehen profesionalen partidak Ederrena pilotalekuan, eta herriak puntista ezagunak eman ditu, besteak beste Jose Francisco Odriozola, Jose Etxezarreta Sorabide eta Juan Ignacio Alberdi Ieregi.
Irailaren 4ko jaialdia aukera paregabea izango da tradizio hori berreskuratzeko eta zesta-puntaz gozatzeko.
Sarrera doakoa izango pilotalekua bete arte.
Ikastaroa, adin guztietarako
Jaialdiaren aurretik, abuztuaren 31n, irailaren 1ean, 2an eta 3an, zesta-punta ikastaroa egingo da Ederrena pilotalekuan. Ikastaroa 10 urtetik gorakoentzat izango da.
Saioak ordubetekoak izango dira eta lau txandatan banatuko dira: 16:30, 17:30, 18:30 eta 19:30. Txanda bakoitzean gehienez 8 parte-hartzaile izango dira; beraz, guztira 32 plaza eskainiko dira. Taldeak adinaren arabera osatuko dira.
Izen-ematea udalaren webgunearen bidez egingo da. Epea amaitutakoan, Urretxuko Udala parte-hartzaileekin harremanetan jarriko da dagokien ordutegia jakinarazteko. Plazak mugatuak dira, eta eskaria handiagoa bada, izen-emateen hurrenkera errespetatuko da.

