Larunbatean, maiatzaren 25ean, 2024 urteko Xabier Ormazabal Mendi Festa ospatuko da Gernikako Arbola Plazan, egun osoan zehar.
Xabier Ormazabal beka 2017an aurkeztu zen. Urte hartan, Urretxuko Udalak Xabier Ormazabal zenaren oroitzapena bizirik mantentzeko, eta bere mendi ibilbidea eredu hartuta, maila handiko eta originaltasunezko proiektuak bultzatzeko beka deialdia egin zuen.
Proiektuaren bultzatzaile a, hasieratik, Andoni Ormazabal, anaia, izan zen eta Udalak bat egin zuen berarekin. Alabaina, asko dira proiektua posible egin dutenak; Gorka Karapeto, Patxi Usobiaga, Alex Txikon… eta urteotan batu diren hamarnaka eta hamarnaka izen eta lagun.
Bekaren helburua da gazteen artean mendiko jarduera bultzatzea eta hain zuzen horregatik erabaki zen adin-muga bat jartzea: 24 urte. Aurkezten diren proiektu guztiak 24 urtetik beherako gazteek aurkeztu behar dituzte; hain zuzen ere adin horrekin zendu baitzen Xabier.
Beka bi urtero esleitzen da. Urte batean beka aurkezten da, oinarriak, izandako aldaketak, etab. Labeaga aretoan, modu lasaiagoan eta hurrengoan Mendi Festa handia antolatzen da, irabazlearen izena ezagutzera emateko. Aurtengoan, MendiFesta handia egingo da.
GUZTIENTZAKO EGUNA
Egunak goiz argituko du antolatzaile, laguntzaile eta bisitarientzat. Gernikako Arbola plazan bilduko dira, ohi bezala, muntaiari azken ukituak emateko eta dena Mendi Festa hasten denerako, 11:00etarako, prest edukitzeko.
Txikienek mendiarekin eta eskaladarekin lotutako hainbat joko eta tailer izango dituzte, baita koltxonetetan jauzi egin edo slackline jokoen oreka praktikatu ere. Ausartenek aukera izango dute plaza osoa gurutzatuko duen tirolina ikusgarrian aritzeko ere.
Era berean, txikiek eta helduek plaza berean dagoen boulderrean aritzeko aukera izango dute. Egunak aurrera egin ahala, Boulderra piezak galduz joango da, eta gero eta zailtasun handiagoa izango du.
Eguerdian, 12:30ak aldera, eskaladako herri-topaketa izango da, hasiberrientzat, aurreratuentzat eta, oro har, zaleentzat. Helburua ikasi eta gozatzea da. Ordu berean haurrentzako tailerrak ere hasiko dira.
Gainera, “Menditombola” goiz osoan egongo da zabalik, sari garrantzitsuak irabazteko txartelak banatuko dituena, hala nola, marka ezagunen mendiko materiala; bertako produktuak, BiTartean merkatarien elkartearen eskutik; SUA argitaletxearen literatur bitxiak edo artisau-izozkiak. Bai argitaletxeak bai izozki dendak postua izango dute, Mendi Festak irauten duen bitartean irekita egongo dena.
ILUNABAR ZORAGARRIA
14:00etan udal karparen azpian, antolatzaileek, parte-hartzaileek, zaleek eta bisitariek paella jan eta indarrak berritzeko aukera izango dute.
Helduek bazkalondoaz gozatu bitartean, haurrek eta gaztetxoek aire libreko zineaz gozatzeko aukera izango dute, Gernikako Arbola plazan bertan. Bien bitartean, Araotz, Etxauri, Atxarte eta Kanpezu eskalada taldeek arratsaldean izango duten desafioa prestatuko dute.
16.00etan Eskalada eskoletako monografikoa eskainiko dute eta ondoren, 17.00etan, “Haitzak eta Izarrak” liburuaren aurkezpena.
Eskalada desafioa 18:00etan hasiko da, Araotz, Etxauri, Atxarte eta Kanpezuren artean; Alex Txikon eta Josean Mulas izango dira hizlariak.
Proba bukatutakoan, eta lunch txiki bat izan ondoren, 20.30 aldera, bertan daudenek Xabier Ormazabal 2023 bekaren irabazlearen izena ezagutuko dute, baita parte hartu duten gainerako proiektuak ere.
Jarraian, aurtengo berritasun gisa, Jon Plazaolak bakarrizketa bat eskainiko du plazako eszenatokian, eguneko bi proiekzioen aurrekari gisa: Anima de Corall, Marc Torralles eta Bru Bruson, eta Riders of the storm, Nico Favresse eta Sean Villanueva. Horiek amaiera bikaina emango diote jardunaldi berezi honi.