Maiatzaren 28an Xabier Ormazabal Bekaren III. edizioko irabazlearen izena jakitera emango da. Horrez gain, egun osoan zehar Mendi Festa izango da Gernikako Arbola Plazan eta film emanaldia gauean.
Bi urteko geldialdiaren ostean, bueltan da Xabier Ormazabal Mendi Festa. Azken bi urteotan COVID-19aren pandemiak eta gaitzaren hedapena geldiarazteko osasun neurriek ez dute posible egin festaren ospakizuna. Alabaina, modu apalagoan bada izan bada ere, ekitaldiak antolatu izan dira, mendizale gazteei zuzenduriko beka bizirik mantentzeko helburuarekin; eta lortu da. Beka bizirik dago.
Hala, Urretxuko Udalak aurreratu digu, Andoni Ormazabalekin elkarlanean ekitaldi erakargarria eta konpletua prestatu dutela datorren larunbaterako, egun guztikoa eta jende guztiari zuzendutakoa, parte hartzailea.
Eguneko ekitaldiak Gernikako Arbola Plazan egingo dira. Goizean Boulder txapelketa herrikoia antolatu dute, txikienentzat lehenik eta helduentzat ondoren. Izenak berak dioen moduan lehiaketa herrikoia izango da, beraz, helburua da eskalada eta mendia gustuko duen edonor bertaratzea eta han daudenekin batera gozatzea eta ikastea.
Hala, 11:00etan boulder irekia eta umeentzako jolasak eta tailerrekin hasiko da eguna eta eguerdian, 12: 30 inguruan Eskalada topaketa herrikoa, parte hartu ahi duten guztientzat.
Arratsaldean, berriz, 18:30ean goi mailako eskalada desafioa izango dugu. Batetik EMFko eskalatzaile gazteak, eta haien kontra Esther Cruz, Patxi Usobiaga, Iker Pou, Ane Hernani, Gorka Karapeto eta Leire Agirre-k osatutako taldea; nor baina nor gehiago!
Desafioa amaitutakoan Labeaga Aretora pasako da ekitaldia. Han, 21:00etan hasita, 2021 bekaren irabazlearen izena ezagutzera emango da. Aipatu, aurten lehenengoz neska zein mutilen proposamenak jaso direla, benetan poztekoa, eta epaimahaiak aurreratu du denak ala denak maila altukoak zirela, erabakia hartzea bereziki zaila izan dela aurten.
Irabazlea ezagututa, mendi zinema sesioari emango zaio hasiera: Itziar Zabalaren AMAGANA, Mikel Gurrea eta Haizea Osesen HELTZEAR eta Pou anaien AUPA POU, BIZITZAREN SOKARI LOTUTA pelikulak ikusteko aukera izango da.
Amaitzeko, aipatu, aurten ez dela aurretiaz izena eman beharrik izango, ez eskaladarako, ezta aretoan sartzeko ere, eta ekitaldia erabat doakoa izango dela.