Select your language

Jasangarritasuna

Urretxuko Udalak adopzio berri bat bultzatu nahi du udaleko katu-kolonien kudeaketa programaren baitan

Urretxuko Udalak adopzio berri bat bultzatu nahi du udaleko katu-kolonien kudeaketa programaren baitan

Urretxuko Udalak jakinarazi nahi du duela gutxi San Martin auzoan katu gazte bat aurkitu dela. Bere izaera otzana eta pertsonekin harremanetan egoteko duen erraztasuna dela eta, adopziorako egokia dela iritzi zaio. Gaur egun, herriko bizilagun batek behin-behinean hartu du bere ardurapean, behin betiko etxea eskaini ahal izango dion familia baten zain.

Animaliaren ongizatea bermatzeko eta adopzio-prozesua errazteko, katua desparasitatu eta adoptatzailearen izenean mikrotxiparekin identifikatuta emango da. Era berean, Urretxuko Udalak bere gain hartuko du esterilizazioaren kostu osoa, animaliak sei hilabete betetzen dituenean. Katua adoptatu nahi izanez gero deitu 656794594 telefonora.

Katu-kolonien udal kudeaketa programaren lehen urteko balantzea

San martin auzoan aurkitutako katu honen kasua Urretxuko Udalak duela urtebete martxan jarritako katu-kolonien kudeaketa etikorako programaren barruan kokatzen da. Denbora horretan, Udalaren, boluntarioen eta elkarlanean aritzen diren eragileen arteko lankidetzari esker, emaitza esanguratsuak lortu dira, bai populazioaren kontrolari dagokionez, bai animalien ongizatea hobetzeko helburuan.

Lehen urte honetan honako emaitza hauek lortu dira:

  • 15 katuk behin betiko etxea aurkitu dute adopzioaren bidez.
  • 21 katu esterilizatu dira HEA (Harrapaketa, Esterilizazioa eta Askatzea) metodoa erabiliz; horietatik 12 eme eta 9 ar izan dira. Horri esker, udalerriko katu-kolonien kontrol etikoa eta eraginkorra bermatzen da.

Herritarren lankidetza

Urretxuko Udalak eskerrak eman nahi dizkie katu-kolonien zaintzan eta kudeaketan parte hartzen duten pertsona boluntario guztiei, eta herritarrak ekimen honetan parte hartzera animatzen ditu.

Honela lagundu daiteke:

  • Boluntario gisa parte hartzea: Katu-kolonien elikaduran eta zaintzan lagundu nahi duten pertsonek Urretxuko Udalarekin harremanetan jar daitezke edo mezu elektroniko bat bidali laukatuelkartea@gmail.com helbidera.
  • Kolonia berrien berri ematea: Udalerrian kontrolik gabeko katu-koloniaren edo katu-talde baten berri izanez gero, Udalari edo programaren arduradunei jakinaraztea eskatzen da, dagokion protokoloa garaiz aplikatu ahal izateko.

Select your language

Urretxuko udala