Select your language

Gizarte Ekintza

Featured

Azaroan, aniztasun funtzionala mahai gainean

Aniztasun funtzionalaren inguruko ekintzak antolatu ditu Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak datorren hilerako.

Urretxuko Udalak Aniztasun eta Bizikidetzarako II. Planaren eremuan kokatzen diren ekintza hauen bitartez, Aniztasun funtzionala mahai gainean jarri nahi du aurten. Hau da, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta haien ingurukoen errealitatea, eskubideak, gaitasunak, beharrak eta komunitatean jasaten duten diskriminazioari buruzko ezagutza eta hausnarketa sustatu nahi ditu herrian.

Azaroko ostegunetan garatuko diren ekintza hauek 3 izango dira:

  • Isiltasunetik Mundura dokumentala ikusi eta protagonistekin solasaldia: goizez, Labeaga Aretoan DBH3 mailako ikasleekin egingo da, eta arratsaldez, Butak21-ekin elkarlanean, Zelai Aristi Aretoan eskainiko da azaroak 6an, arratsaldeko 6tan. Dokumentalaren sinopsiak horrela dio: “Isiltasunetik… zer entzuten da? Hautatua al da? Derrigortua? Zer entzun nahiko luke modurik ez duenak? Zer ez luke entzun nahiko modua duenak? Jaiotzetik gorrak diren bi lagunek furgonetaz Marokon egindako bidaia kontatzen du “Isiltasunetik” dokumentalak; gidari eta zeinu interpreteek lagunduta egindako bidaia. Kolorez, usainez, zaporez eta batez ere soinuz beteriko herrialde horretan, nola sentituko ote dute Marrakexeko Jemaa el-Fna plazaren bizitasuna edo basamortuko isiltasuna? Entzuterik ez duena nola komunikatzen da? Entzuterik ez duena nola komunikatzen da lurralde arrotz batean? Hain hurbil dugun eta hain ezezagun zaigun munduari leiho bat ireki nahi diogu, eguneroko bizitzan borroka etengabea duten bi pertsona hauen bidaia kontatuz.”

  • Bakuntza Aisialdi Elkartearekin dantzan: Familiei zuzenduriko dantza saioa izango da azaroak 13an antolatu dena, Gernikako Arbola Plazan, arratsaldeko 5tan. Bakuntzan, taldean azaltzen duen bezala, “aisialdiaren jarduera fisiko integratzailearen esparruan: aisialdi egokitua, osasuna baita aisialdi hezitzailea lortzea da helburua. Aniztasun funtzionala duten haur, nerabe eta helduek parte hartzen dute eta gonbidatzen da nahi duen guztiari lehen pertsonan esperientziak partekatzera, horrela aniztasun funtzionala duten eta ez dutenen arteko elkarketak eta inklusioa lortzea.”

  • Giza Liburutegia: Hau izango da Urretxun antolatuko den hirugarren Giza Liburutegia, eta aurten, berezitasun bezala, Aniztasun Funtzionala izango du ardatz. Azaroak 20an egingo da, arratsaldeko 5tan, ohikoa den bezala, Urretxuko Liburutegian. Ekintza honetara gerturatzen direnek bertan egongo diren “pertsona-libururekin” 15 minutuz solasean aritzeko aukera izango dute. Hala,  bertan entzungo dituzten istorio eta bizipen pertsonalen bitartez Aniztasun Funtzionala oinarri dituzten aurreiritziak gainditu eta beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera izango dute. Partekatuko diren istorioen protagonistak lurraldean bizi diren aniztasun funtzionala duten pertsonak, haien familiak, hezitzaileak izango dira.

Ekintza guztietarako sarrera doakoa eta librea izango da.

Informazio gehiago behar duenak, 693 900 568 telefonora deitu edo aniztasuna@urretxu.eus helbidera idatzi dezala. 


 

 



 

 

Select your language

Urretxuko udala