Featured
Iparragirre literatur sariak
Dagoeneko izena eta ospea duten sari hauei bultzada bat ematea da helburua, Iparragirreren jaiotzaren 200.urteurrena dela eta.
Euskal bardo ezagunenaren madrilgo joanetorrien inguruko liburua.
Francisco de Paula Garcíak liburu bat idatzi du 1830, 1850 eta 1870eko hamarkadetan Jose Mari Iparragirrek Madrilen igarotako denboraldiei buruz, bere lorpenak eta esperientziak kontatuz, bai eta erromantizismoaren urte haietan euskaldunek gortean izan zuten ingurune eta garaikidetasunari buruz ere.
Gure ondare material eta inmaterialaren parte diren artelan horiek ezagutarazi nahi dituen liburua da hau, zentzu anitzean: irudia, bertsoa, giroa, hausnarketa
Proiektuaren proposamena bertsoak sortu duten ondarea ezagutaraztea da, eta garai haietako bizipenak berreskuratzea. Hauek dira ondare ibilbidea osatzen duten bertsolari, herri eta eskultoreak:
Euskal Herri osoko herri ezberdinetan zehar egindako ibilbidea da, bertsolarien omenez harrizko estatuak dituzten herriak. Herri horien artean Urretxu dago, Iparragirreren omenezko estatuarekin.
Iparragirreren figura gaurkotasunetik aztertzen duen filma
Jose Mari Iparragirreren bizitza eta biografian bidaia bat eskaintzen digun filma.
Loraldia jaialdiaren "Iparragirre, Bihotzeko Jose Mari" antzerkilanaren estreinaldia Urretxun izango da.
Obra honek Iparragirreren bizitzan nabarmendu ziren emakumeak bildu ditu eta sormenaren protagonistak (ama, emaztea, Parisen ezagutu zuen sopranoa, Manuela, alabak…) izango dira. Emakume hauek Iparragirreren bizipenak ekarriko dituzte gogora eta euren begirada eskainiko digute. XIX. mendeko gizartea (gerra karlistak, emigrazioa, euskaltasuna…) islatuko da bardoaren bizi-pasarteak errepasatuz.
Teatro-lanaren gidoiari dagokionez, emakumeek Iparragirreri bidalitako eskutitzek osatuko dute aktoreen testua. Fikziozko eskutitzak izango dira eta idazki guztien artean Urretxuko bardoaren biziaren puzzlea osatuko da.
Hiru emakume izango dira aktore-kantari lanetan: Joli Pascualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarain. Iparragirreren aulkian, berriz, Angel Unzu gitarra-jotzailea izango da.
Aktoreek Iparragirreri bidalitako eskutitzak irakurriko dituzte eta baita bardoaren kantuak abestu ere. Beraz aktore-kantariak ditugu.
Anjel Unzuk, berriz, musika jarriko dio ikuskizunari gitarrarekin. Itzal luzeko musikari hau gitarra-jotzale bikaina da eta Iparragirreren sormen musikalari begirada garaikidea emango dio. Angel Unzu zuzen zuzenean joko du eszenatokian.
Denek Tanttaka Teatroaren Fernando Bernuésen zuzendaritza artistikoaren gidaritza pean lan egin dute.
Eskutitzen tesuak osatzeko hiru testugile bildu ditugu ekoizpen honetan: Aizpea Goenaga, Arantza Iturbe eta Iñigo Legorburu. Bi idazle gonbidatu ditugu: Aizpea Goenaga eta Arantza Iturbe. Biak eskarmentu handiko teatrogileak dira. Honez gain, Iñigo Legorburuk idatzi zuen “Ameriketatik” eskutitz saritua izango dugu abiapuntua.
Iparragirreren figuraren inguruan egindako antzezlana
Iparragirre , azken euskal erromantikoa da. Pasioa, ohorea, borroka, foruen eta mundu baten defentsa, rara avis bat bihurtzen dute, lurretik fabrikara aldaketan murgildutako komunitate baten gatazka. Norberaren jabe izatetik, soldata baten esklabutza izatera. Giro honetan, Iparragirre, otoiak, muxuak eta besarkadak eskaini dakiokeen totem sakratu bat bihurtuko da. Azken baten, berak lortu bait zuen, gizaki orok egin ahal izan ez genuena; Libreak izan.
Iparragirreren bizitza eta kantuak ezagutzera ematea
Proiektu honek haurrentzako hiru abesbatzen hiru topaketa proposatzen ditu; topaketak (kontzertu eran) Jose Mari Iparragirreren figuraren inguruan izango dira.
Topaketaren helburu nagusietako bat parte-hartzaileek Jose Maria Iparragirre idazle eta abeslari ezagunaren obra eta biografia ezagutzea da, eta gainera, bisitatzen gaituzten haurrek Urretxu ezagutu dezatela.
Donostiako Musika hamabostaldi ibiltariarekin elkarlanean
Musika hamabostaldiak, “Musika aitzaki” programaren barruan, Ignaziotar ibilbideko atalak egin ditu azken bi urteotan, ibilbideko etapa bertan hasi edo amaituz. 2020an ere herrian izango dira Iparragirre protagonista duen ibilbidean musika eta ibilaldiak uztartuz.
Kantu talde ezberdinak eta herritarrak batu eta XIX.mendera joan, Urretxun zehar Iparragirreren kantak abestuz garai hura hobeto ezagutzeko
IPARRAGIRRE KALE-ANTZERKIA KANTUZ
Euskal Kantuzaleen Elkarteak eta Euskal Herria Kantuz Sareak, Jose Maria Iparragirreren izena eta figura gogoratzeaz gain, abeslariak bizi izan zuen testuinguru eta garaian kokatzea, Euskal Herrian bizi zen egoera ezagutaraztea eta transmititzea proposatzen dute, "Bere iragana ahaztu edo ukatzen duen herria, ezjakintasunera kondenatua dago".

