Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak koordinatu eta babestu du ekimena, guraso talde batek laguntza eskatu ondoren
Gainzuri, Jose Mari Iparragirre Institutua, Urretxu-Zumarraga ikastola eta La Salle ikastetxeetako guraso talde batek ‘Altxa burua: Urretxu-Zumarraga’ taldea aurkeztu du, Urretxuko Udalaren eskutik. Seme-alaben mugikorren erabileraz hausnartuta eta kontzientziatuta, haurrek eta nerabeek mugikorra izateko adina atzeratzea aztertu eta proposatu nahi dute gurasoen artean eta erabilera kontzientea eta osasungarria ere sustatu nahi dute haur eta nerabeen artean. Maiatzaz geroztik, ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza komunitatean eragiteko talde eragile propioa badu ere, ‘Altxa burua’ ahalegin horretan talde eragile guztiak elkarlanean eta elkarreraginez eragiteko taldea izango da. Taldearen irudia bera gurasoetako batek egina da.
Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak koordinatuta eta babestuta abiatu dute bidea. Udaberriaren hasieran, hainbat gurasok udalera jo zuten gaiaz zuten kezka adierazi eta laguntza eske. Maiatzean, Miren Rosen hitzaldia antolatu zuten abiapuntu gisa, eta udako oporraldiaren aurretik eratu zituzten ikastetxe bakoitzeko talde eragileak. Oporren bueltan, urriaren hasieran elkartu ziren lehenengoz ikastetxe guztietako taldeetako ordezkariak, bakoitzak ordura arte egin zuena partekatu eta komunean egin eta eragin zezaketena aztertzeko. Kontzientziaziotik abiatzea erabaki zuten, eta, hala, Miren Rosen bigarren hitzaldi bat antolatu zuten urriaren bukaeran, eta Gregorio Montero psikiatrarena joan den asterako. Biek ala biek harrera oso ona izan zuten: 100 guraso baino gehiago izan ziren, urrikoan; 200 baino gehiago, joan den astekoan.
Kontzientziazioarekin jarraituko badute ere, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasle eta gurasoengan eragitea dute helburu, orain. Ikastetxeetako zuzendaritzekin batera lanketa hori nola proposatu ari dira talde eragile bakoitzean. Talde eragileetan zein ‘Altxa burua’-n nornahik har lezake parte. Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak, bere aldetik, koordinazioa eta babesa eskainiko die kezkari erantzuten laguntzeko ez ezik, hezkuntza komunitateko partaide guztien parte hartze aktiboa, haurren eta nerabeen ongizate emozionala eta nortasun digital onuragarriak sustatu nahi dituelako.
Gabonetarako kanpaina eta pornografia tailerra abendurako
Gabonetan mugikorra oparitzeaz eta mugikorren erabilera osasuntsuaz hausnartzeko kanpaina abiatuko dute datozen egunotan. Gregorio Montero psikiatraren esaldia izango du kanpainak: “Mugikorraren argiak ez dezala itzali ez zure argitasuna, ezta zure seme-alabena ere”. Taldearen irudia zabaltzeko ere baliatuko dute kanpaina.
Bestalde, pornografiaren inguruan ere sortu den kezkari erantzuteko, Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak gurasoei eta nerabeei zuzendutako tailerrak egingo ditu abenduaren 11n, Emaize sexologia zentroaren esutik. Bi tailer izango dira: bata, gurasoei zuzendutakoa, ‘Porno belaunaldira hurbiltzen: erronka familien sexu hezkuntzan’, 18:00etan, kultur etxean, izen ematea labur.eus/z1Aa3; bestea, nerabeei zuzendutakoa (DBH), ‘Pornografia: fikzioaren eragina espektatibetan’, 17:30ean, Gaztebideanen lokalean, izen ematea labur.eus/8TJ0B helbidean.