Askotariko 27 proiektu aurkeztu dira gehienak originalak eta taldekakoak
Nora eramango gaitu bide berriak? egiten zuen galdera Sormonak nerabeen arteko sormen lehiaketaren lehen edizioko kartelak, eta dagoeneko gure komunitateko 100 lagun abiatu dira bide berrian. Sormonak nerabeen artean sormena sustatzeko Urretxuko Udalaren proposamenak joan den astean itxi zuen izen emate epea, eta 27 proiektu eta 14-17 urte bitarteko 100 sortzailek eman dute izena askotariko proiektuekin: teknologia, kosmetika, musika, literatura, ikus-entzunezkoak, artea eta eskulanak, jolasak eta zerbitzuak izango dituzte ardatz hainbat proiektuk. Proiektuetatik gehienak (19) originalak izango dira, eta lanik gehienak taldean (22) egingo dituzte.
Orain, azaroaren 30era arteko epea izango dute proiektuak garatzeko. Tarte horretan, Urretxuko Udalak proiektuak garatzeko baliabideak eta inguruko eta Euskal Herriko adituen aholkularitza eskainiko die. Era horretara, nerabeen artean sormena sustatu nahi du Gazteria Sailak, norberaren zein komunitatearen garapenerako duen garrantzia aintzatetsita, besteak beste.
Behin proiektuak aurkeztuta, abenduaren 18an egingo da sari banaketa, eta bertan 200 euroko lau sari banatuko dituzte: bakarkako lan original bereziena; bakarkako lan eratorri bereziena; taldekako lan original bereziena; eta taldekako lan eratorri bereziena. Gabonetako oporretan parte hartzaile guztiek izango dute euren proiektuak plazaratzeko aukera.
SORMONAK LEHIAKETA ETA PROZESUA
Bizitzan zehar nerabezaroa da sormena goren izaten den aroa, eta Urretxuko Udalak sormena garatzeko bidea eskaini nahi die 14 urtetik (DBH2tik) 18 urtera bitarteko nerabeei, Sormonak lehiaketaren bidez. Sormena garatzeak osasunean, ongizatean eta garapenean duen onuretan lagundu nahi die, alegia. Horretaz gainera, nerabezaroaren ikuspegi positiboa ere zabaldu nahi izan du Urretxuko Udalak, ohiko estereotipoei aurre eginez, eta hortik dator izena ere, hormonak eta sormena hitzen arteko nahasketak: “Hormonak bor-bor ditugula esaten digute, baina sormena da bor-bor duguna”.