Mugikorren erabileraren gaineko kezkak batutako gurasoen talde eragileek egingo duten lehen ekintza izango da, Urretxuko Udalak babestuta
Miren Ros adituak udaberrian hitzaldi jendetsua egin zuen Labeaga aretoan, haurren eta nerabeen mugikorren gaineko erabilpenaren inguruan. Orduan proposatu zien bertaratutako gurasoei ikastetxeka talde eragileak eratzea kezka zutenen artean. 40 gurasok eman zuten izena orduan, eta lehen lanketa euren artean eginda, urriaren 3an elkartu ziren talde eragileetako ordezkariak elkarlanean zer egin dezaketen aztertzeko. Miren Rosek Haur eta Lehen Hezkuntzako gurasoei zuzenduta hitzaldia egitea adostu zuten, orduan, eta hala antolatu dute Urretxuko Udaleko Gazteria Sailaren babespean eta koordinaziopean: Nola kudeatu pantailen erabilera haur txikienekin: ideia praktikoak martxan jartzeko tailerra eskainiko du, urriaren 30ean, 18:00etan, Urretxuko kultur etxean. Izen ematea zabalik dago, urriaren 27ra arte, labur.eus/abG43 helbidean.
Urriaren 3ko bileran, lehen sentipenak bateratu zituzten lehendabizi Jose Mari Iparragirre Institutuko, Gainzuri ikastetxeko, Urretxu-Zumarraga ikastolako eta La Salleko talde eragileetako ordezkariek: kezka, ezezagutza, pantailen gehiegizko erabilera eta seme-alabei pantailak utzitakoan jasotako kolpeak izan ziren aipatutako batzuk. Lehen sentipen horietatik ipar batzuk zehaztu zituzten, bost orotara: talde izaera garatzea, sentsibilizaziotik eta jabetzetik abiatzea, Haur eta nerabeen etapa guztietan eragin beharra, gurasoen mugikorren erabileraz ere hausnartu beharra eta beste esperientzia batzuk ezagutzea eta ekartzea aztertzea.
Sentsibilizatzera eta jabetzera bideratutako ekintzak izango dira udazken honetan garatuko dituztenak, beraz. Horien artean dago, Miren Rosena nola, Gregorio Montero gaian espezializatutako psikiatra entzutetsuak azaroaren 21ean, Labeaga aretoan, eskainiko duen hitzaldia ere. Bien kasuan lehen hitzaldi-tailerraz gainera, hautazko bigarren bat ere eskainiko dute urte berriarekin batera, lehenengoan aipatutakoak praktikan jartzerakoan izan dituzten zailtasunak partekatu eta estrategia berriak lantzeko. Bigarren hitzaldi horretan izena emateko aukera azaroaren hasieran zabalduko du Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak.