14-18 urte bitarteko urretxuarrei edota Urretxu zein Zumarragako ikastetxeetan ikasten duten nerabeei zuzendutako sormen lehiaketa da
Bizitzan zehar nerabezaroa da sormena goren izaten den aroa, eta Urretxuko Udalak sormena garatzeko bidea eskaini nahi die 14 urtetik (DBH2tik) 18 urtera bitarteko nerabeei, Sormonak lehiaketaren bidez. Sormena garatzeak osasunean, ongizatean eta garapenean duen onuretan lagundu nahi die, alegia. Horretaz gainera, nerabezaroaren ikuspegi positiboa ere zabaldu nahi izan du Urretxuko Udalak, ohiko estereotipoei aurre eginez, eta hortik dator izena ere, hormonak eta sormena hitzen arteko nahasketak: “Hormonak bor-bor ditugula esaten digute, baina sormena da bor-bor duguna”.
Lehiaketa ere izango da, baina batez ere prozesu bat izango da: parte hartzaileek sortu nahi duten hori garatzeko baliabideak eta inguruko zein Euskal Herriko adituen laguntza izango dute. Lan originalak zein beste beste lan batzuetan oinarritutakoen bertsioak aurkeztu ahalko dira, zeinahi esparrutakoak: kultura eta arte esparrukoak izan daitezke, baina baita beste esparrutakoak ere. Prozesua bera sariak baino aberasgarriago izan dadin nahi luke Urretxuko Udalak. Prozesua bukatuta, parte hartzaileek euren lanak aurkezteko modua ere izango dute Sormonak festaren bidez.
Izen ematea, irailaren 25ean zabalduta (labur.eus/fHgE0), urriaren 8ra bitartean izango da zabalik. Urretxuarrek eta Urretxu zein Zumarragako ikastetxeetan ikasten duten nerabeek parte hartu ahalko dute, taldean edota bakarka. Izen ematean bakoitzak bere proiektua zehaztu beharko du, eta aurkezten diren proiektuen araberako adituak eta baliabideak eskainiko zaizkie.
Azaroaren 30era arteko tartea izango da proiektuak aurkezteko, eta behin proiektuak aurkeztuta, abenduaren 18an izango da sari banaketa. Prozesuan parte hartu duten adituek lanik berezienak hautatuko dituzte lau kategoriatan: banaka, lan original bereziena; taldeka, lan original bereziena; bakarka, lan eratorri bereziena; taldeka, lan eratorri bereziena. Guztiek 200 euroko saria jasoko dute, proiektuari lotutako produktuetan, emanaldietan edota zerbitzuetan baliatzeko, bailaran edota Euskal Herrian.
Ez dira sari bakarrak horiek izango. Sortzaileek egindako lanak aurkezteko aukera izango dute, Gabonetako oporretan egingo den Sormonak jaialdian. Sortzaileekin eurekin batera landuko den festa izango da prozesuan zehar.
Eskuorria hemen: labur.eus/B7vjt