Lehentasuna izango dute 2015eko abenduaren 1era Urretxun erroldatutako pertsonak.
Urretxuko Udalak, osteguneko osoko bilkuran, babes ofizialeko 22 etxebizitza beren garajeekin eta trastelekuekin jabetzan esleitzeko baldintzak ezartzen dituzten oinarriak onartu zituen, 2015eko ekainean indarrean sartu zen Euskadiko Etxebizitzaren Legean agindutakoa betez.
Gurutze Santu eremuan kokatuta daude babes ofizialeko etxebizitza horiek; etxebizitza libreen lehen faseko promozioa eraikitzen ari da dagoeneko. Hasiera batean eraikiko diren 22 etxebizitza publikoetatik bi mugikortasun gutxiko eta iraunkorreko pertsonentzat izango dira. Eskabidea haundiagoa balitz, sustatzaileak babes ofizialeko 53 etxebizitzara bitarte, gutxi gorabehera, eraiki ahal izango ditu.
Etxebizitza horietara sartzeko baldintza orokorren artean lehentasuna ezartzen da 2015eko abenduaren 1era, etengabe eta gutxienez hiru urtetan zehar, Urretxun erroldatuta dauden pertsonentzat, eta horrez gain 2017ko urtarrilaren 15era Etxebiden inskribatuta egon beharra.
Gainera, interesatuak adinez nagusia izan behar du, ez du etxebizitzarik eduki behar, edo egun duen helbideak ez ditu betetzen bizigarritasun edo irisgarritasun gutxieneko baldintzak, edo bere etxebizitza gainokupaturik dago.
Baldintza ekonomikoei dagokienez, eskatzaileak egiaztatu behar du azken zerga-ekitaldian urtean 9.000 € - 39.000 € bitarteko diru sarrera haztatua. Bestalde, ez zaie gutxieneko diru sarrerarik eskatuko genero indarkeriaren biktimei, eta 3.000 euroko muga ezartzen da mugikortasun gutxiko eta iraunkorreko pertsonentzat.
Goian aipatutako baldintzak betetzeaz gain, pertsona atzerritarrek, bere aldetik, iraupen luzeko bizileku-baimena izan beharko dute.
Interesatuek Urretxuko udaletxean aurkeztu beharko dituzte eskaerak, 2017ko urtarrilaren 15etik maiatzaren 15era bitartean, biak barne, eta eskaerarekin batera oinarrietan eskatutako dokumentazioa ere bai.
Hortik aurrera, Etxebidek egiaztatuko ditu eskatzaileen datuak, eta Udalak onartuen zerrenda prestatuko du, horren aurka errekurtsoa jarri ahal izango delarik 15 eguneko epean.
Udalak ezarritako baremazio irizpideen arabera, puntu gehiago lortzen da eskatzaileak zenbat eta diru sarrera gutxiago izan edo bizikidetza-unitatean kide gehiago izan, Urretxun erroldatuta etengabe zazpi urtetik gora edo premia bereziak edukita: guraso bakarreko unitateak beren gain seme-alabekin, etxebizitzarako aurrezki-kontuen titularrak, hipoteka-kargak dituzten banandutako pertsonak, alokairu publikoko kontratua sinatuta izatea edo egokia ez den etxebizitza edukitzea.
Eskatzaileen artean lehentasun ordena ezartzea izango da baremazioaren helburua, eta horren emaitza esleipendun zerrenda bat eskaintzea izango da; era berean, itxaron zerrenda bat egingo da, sei hilabeteko balioa izango duena.
Abenduaren erdi alderako, Udalak, sustatzailearekin batera, bilera baterako deialdia egitea aurreikusten da; promozio honetan interesaturik dauden guztiak joan daitezke bilerara, eta bertan, etxebizitzak esleitzeko oinarrietan ezarritako baldintzei buruzko argibideak emango dira, baita ere aurreikusten diren babes ofizialeko etxebizitzen prezioak eta ezaugarriak.
VPO esleitzeko oinarriak
Popular 457.45 KB 1754 |
25/11/2016 10:05:00 |