Schwarzenbruckeko ordezkaritza bat, hiru zinegotziz, herriko alkateaz eta udal teknikari batez osatua, Urretxun izan da maiatzeko azken astean.
Urretxuko Udaletik adierazi digutenez, bisitaren helburua bikoitza izan da. Batetik, Schwarzenbrucken 1000. urteurrena ospatzeko lantzen ari diren programazioa gertutik ezagutzea eta urteurrenera gonbidatzea. Bestetik, bi herrien arteko loturak sendotzea, bi alkateen hitzetan - Markus Holzammer eta Jon Luqui- harreman hori gero eta estuagoa da eta azken urteotan sendotu egin da. "Batzuetan penatu egin gara bi udalerrien arteko harremana kultura eta folklore elkartrukera mugatu delako. Gure helburua beti izan da lankidetza hori beste arlo batzuetara zabaltzea, hala nola garapen industrialera, hezkuntzara, zainketa-ereduetara, etab. ".
Hain zuzen ere, ildo horretan lan egin dute azken bisita honetan: harremana beste arlo batzuetara zabaldu dute.
Gipuzkoako suhiltzaile-parkeen kudeaketa-sistema ezagutu dute, Bavariako Frankonia eskualdekoaren oso bestelakoa; bertan, Frankonian dago Shwarzenbruck; ha suhiltzaileak pertsona boluntarioak dira eta lan egiteko modua Gipuzkoakoaren oso desberdina da. Era berean, Su Eskola gertutik ezagutzeko aukera izan dute, baita eskolak lurraldeari, enpresei, inguruneari eta abarri eskaintzen dizkien konponbideak ere.
Landu duten beste gaietako bat gazteriarena izan da. Urretxuk bi urte daramatza gazteria arloa berritzen eta egokitzen, eta hainbat proiektu berritzailetan parte hartzen du, hala nola HARRERA EREMUA, lurraldetik kanpo jaiotako adingabeei harrera egiteko; SORMONAK, nerabeen sormena lantzeko; edo ERASMUS+ programa, bi udalerrietako gazteen arteko harremanak estutzeko eta elkarrekin hezkuntza-proiektuak eta proiektu berritzaileak lantzeko.
Hirugarrenik, Tokiko Zaintza Ekosistema dago. Proiektu horrek alemaniarren interesa piztu du, eta zuzenean ezagutu nahi izan dute; izan ere, biztanleriaren zahartzea arazo eta errealitate bat da, Europaren barruan mugarik ezagutzen ez duena, eta herrialde guztietan erantzuten saiatzen gara, eskualde eta errealitate bakoitzera egokitutako konponbideekin.
Urretxun egoitza duen eta exoeskeleto biomekanikoen bidez mugikortasuna errehabilitatzen espezializatuta dagoen GOGOA Mobility Robots enpresa bisitatu dute. Gogoa "Zaintza Herrilab" proiektuaren parte da, interesa piztu eta hurbiletik ezagutu duten beste proiektu bat. Proiektu honek asistentzia-eredua berritu nahi du, eta, horretarako, orto protesiko teknologian, laguntza teknikoetan eta neurorrehabilitazio-sistema aurreratuetan oinarritzen da, etxez etxeko arreta berritzailea eskaintzeko eta pertsona ahulei edo mugikortasun murriztua dutenei autonomia pertsonala hobetzen laguntzeko.
Ondoren, Pagoetako eremura joan ziren, eta han eliza zaharra ikusi ahal izan zuten, gaur egun zentro soziokulturala dena, eta espazioaren anbibalentziarekiko interesa agertu zuten, baita eraikina zer erabilera askotarako prestatu den edo prestatzen ari den ere. Era berean, Aspaceko eguneko zentroa izango dena bisitatzeko aukera ere izan zuten. Pasiotarren komentu zaharrean dago, elizari itsatsita, eta bertan kokatuko dira Aspaceko langileen bulegoak, eguneko zentroa eta erabiltzaileen etxebizitzak.
Eraikinaren goiko bi solairuak ere bisitatu zituzten. Bertan, adinekoentzako apartamentuak egongo dira, eta bertan, bi herrietako arreta eta zaintzarako ereduen ezberdintasunak eta antzekotasunak ezagutzeko aukera izan zuten, baita zahartzeko modu berriak ere, kontuan hartuta adineko pertsonek etxean bizitzeko duten nahia eta lehentasuna, eta hori ere lantzen ari dira Alemaniako udalerrian.
Egonaldiaren amaieran, Alemaniako ordezkariek azpimarratu nahi izan dute bisita emankorra izan dela eta proiektu partekatuen kopurua handitzen ari dela, ez bakarrik kopuruari dagokionez, baita kalitateari eta sendotasunari dagokienez ere.