Ekaineko lehen asteburuan Santa Barbarako Jatetxe-Aterpetxea berriro ere irekiko dute Amaia Iraola eta Jordi Mancerak. Zumarragarra bat, katalana bestea, Urretxun bizi dira biak eta ostalaritzan eskarmentu handia dute.
Jordik eta Amaiak eskarmentu handia dute hostalaritzan, batek sukaldean eta besteak, aldiz, jantokian. Hala ibili dira Mugaritzen, Miramon Arbelaitzen edo Italiako hamaika jatetxe ezagunetan, urtetan zehar, herrira bueltatu eta abentura berri honi ekitea erabaki zuten arte.
Udalarentzat lehentasun bat zen Jatetxea lehenbailehen irekitzea. Izan ere, Santa Barbara inguruan berritze lan garrantzitsuak egiten ari da Udala, ingurua balioan jartzeko, eta horretarako ezinbestekoa da Aterpetxe-jatetxea eskaintzen duen zerbitzua. Zerbitzua ahalik eta azkarren jartzea garrantzitsua zen, baina ondo egitea ere bai, horregatik igaro dira hilabete batzuk eraikina itxi zenetik gaurrarte. Denbora horretan hausnarketa, azterketa eta planifikazio lanak egin dira, eta azkenik obra enkargu bat ere bai, eraikina handitzeko eta berritzeko. Lan horiek, nola ez, Amaia eta Jordirekin batera egingo dira, inguruaren, beharren eta bezeroen ezagutza handia izango baitute.
Paraleloan lan egitea izan da gakoa: batetik, ingurune berria diseinatu, aurreikuspenak egin eta obra kalendaritzatzen, eta bestetik, zerbitzu hori emateko eta kudeatzeko pertsona egokienak bilatzen, Jordi eta Amaia ezagutu arte.
Jatetxea egunero irekiko dute, astelehenetan izan ezik, atseden eguna izango baita. Urtean zehar, igandetik ostegunera 10.00etatik 17.00etara irekiko dute, eta ostiral eta larunbatetan, aldiz, egn osoan zehar, afariak ere eskaini ahal izateko.
Uda iristen denean, ohiko ordutegia zabalduko dute, eta egun osoan zehar egongo dira zabalik, bazkariak eta afariak eskainiko dituzte, udazkena iritsi arte.
Gaur gaurkoz Amaia eta Jordi prestaketa eta antolaketa lanetan murgildura daude: tokia atondu, karta berria prestatu, eta langileak bilatzen. Horretarako, hain zuzen ere, langileak topatzeko helbide elektroniko bat dute Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Bertan, CVak jaso eta planteatutako zalantzei erantzugo diete.