Osoko bilkuran onartu dira 2017ko ekitaldirako ordenantza fiskalak
Gaur arratsaldean, Urretxuko udaletxean egin den osoko bilkuran onartu dira 2017ko ekitaldirako ordenantza fiskalak, irizpide orokorra horiek izoztea izan delarik, bi salbuespen hauekin: uraren tasak %2ko igoera izango du eta kirol zerbitzuek %5eko igoera.
Itziar Agirre Ogasun zinegotziak azaldu duenez, urari dagokion tasaren igoera Aquarbe Ur Zerbitzuak egindako proposamenaren ondorioz dator; kirol instalazioena, berriz, kirol zerbitzuen kontratu berriaren lizitazioari dagokion prezioari erantzuten dio, gutxienez %21eko igoera izango baitu, beti ere langileak gaur egungo baldintzetan geratzeko eta horren kostuari aurre egin ahal izateko.
Udal tasak izozteko irizpide orokorrari egindako salbuespen horiez gain, Udalak hobari batzuk onartu ditu hainbat kontzeptutan, minusbaliotasuna duten pertsonentzat, adinekoentzat edo familia ugarientzat.