Urretxu eta Schwarzenbruck herriek senidetzearen 25. urteurrena ospatuko dute
Urretxuko ordezkaritza atzo arratsaldean abiatu zen autobusez Schwarzenbruckera bi herrien arteko senidetzearen 25. urteurrena ospatze aldera. Anaiatze prozesua Alemanian aspalditik bizi den Alfredo Cuesta urretxuarrak bultzatu zuen 80ko hamarkada amaieran eta orduan Ramón Arbizu alkateak zuzentzen zuen udal taldeak harremana gauzatu zuen 1991ean.
Urretxuko alkate Jon Luqui, Itziar Agirre eta Nati Nieves zinegotziak eta Lurra Dantza Taldeko hainbat kidek parte hartuko dute ospakizunetan, ostiraletik igande bitartean burutuko direnak. Larunbatean egingo du Lurrak erakustaldia.
Urretxurekin ez ezik Schwarzenbruck herriak Hungariako Kecel, Tiroleko Gudon eta Alemaniako Geyer herriekin ere senidetze harremanak ditu eta hauek bertan egongo dira.
Ospakizunetan folklorea eta gastronomia nagusi izango badira ere, Jon Luqui alkatearen esanetan "arlo ekonomikoa ere jorratzeko asmoa dugu, Alemanian harremanak egiteko aukera aprobetxatuz".
Bestetik, Lurra Dantza Taldeko arduradun Juan Luis Elgarrestak udalari egindako gonbidapena eskertzeaz gain "duela 25 urte senidetzea sinatu zenean bertan izan ginen, ni ere bai" eta "Schwarzenbrucken bikain hartu gaituzte beti" azpimarratu du.