Urretxuko Udalak, osoko bilkuran, Merkataritzaren eta Ostalaritzaren sektoreetan ekonomia suspertzeko diru-laguntza lerro berri bat onartu zuen pasa den urriaren 29an.
COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz ezarritako alarma egoerak erabat eten zuen herriko bizitza sozioekonomikoa, eta enpresa-ehunari sekulako kaltea ekarri zion. Derrigorrezko geldialdiaren ostean, jarduera ekonomikora bueltatzeko baldintza higieniko eta sanitario zorrotzak ezarri ziren, egoerak hala behartuta; eta baldintza horiek bete ahal izateko esfortzu ekonomiko berezia egin behar izan dute herriko merkatari zein ostalariek.
Horren jakitun, Urretxuko Udalak ezohiko bigarren laguntza programa bat antolatu du. Programa honen lehen ekimena HURREN bonoak izan ziren, ekainetik irailera herriko dendetan kontsumoa sustatzeko balio izan dutenak, eta bigarrena osteguneko bilkuran onartutako diru-laguntza bereziak.
Laguntza hauen helburua da Merkataritzako eta Ostalaritzako sektoreetan jarduera ekonomikoari eusten zaiola bermatzea batetik, eta sektore horiei COVID-19ren pandemiak sortu dizkien erronkei erantzuten lagunduko dieten planteamendu praktikoak abiaraztea bestetik.
Diruz lagundutako jarduerak autonomoei eta txikizkako Merkataritzaren eta Ostalaritzaren sektoreetako ETEei zuzenduta daude eta 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra bitartean pandemiaren eraginez egindako inbertsio eta ekipamendu zehatzak finantzatzeko balioko dute (inbertsioak eta inbertsioak egiteko beharrezko azterlanak ere barne):
- Lokalak eta egiteko moduak egokitzea.
- Segurtasun eta osasun irizpideak/ protokoloak betetzeko merkataritza edo ostalaritza lokalak egokitzeko inbertsioak eta ekipamenduak.
- Bezeroekiko eta erakunde hornitzaileekiko harreman berrietara lan-moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua.
Inbertsio hauek 2020ko martxoaren 14tik abenduaren 31ra bitartean egindakoak izan beharko dute, programan parte hartu ahal izateko, eta fakturen datak eta hauen ordainketak ere epealdi horren barruan egingo dira.
ESKARIAK ETA EPEAK
Eskabidea aurkezteko epea, deialdi hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egunaren biharamunean hasiko da, eta 2020ko abenduaren 11an amaitu.
Epe horretan, pertsona interesatuak eskabide-orri ofiziala (Udaleko web orrialdean edo harreran eskuragarri) bete beharko du eta oinarrietan zehazten den dokumentazio gehigarria ere bai (aurrekontua, NAN agiria, kontu korrontea,…) , eta 2021eko urtarrilaren 31 arteko epea izango du diru-laguntzen helburua bete dela justifikatzeko. Justifikante modura fakturak eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako agiriak baino ez dira onartuko. Jatorrizkoak edo konpultsatutako kopiak.
Onuradunek justifikatutako gastuaren %100 jasotzeko aukera izango dute, betiere 1.000 euroko topearekin, establezimenduko gehienez ere 1.000 euro ordainduko dira, alegia.
Guztira 29.000 euro jarri ditu Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez diru-laguntza proiektu honetan, baina behar izango balitz, urtea bukatu baino lehen partida hori diruz doituko du Udalak Urretxuko Merkataritza zein Ostalaritza suspertzen jarraitzeko.