Euskal Encounter 28 online egingo da uztailaren 24tik 26ra bitartean, 5088 plaza birtualekin, eta Urretxuko Ederrena pilotalekutik dinamizatuko dira; beraz, Estatuko lanparty jendetsu eta luzeena aurten ere ospatuko da.
Euskaltel Fundazioak antolatzen duen ekitaldi honek nostalgiaz beteriko keinu bat egin nahi izan du: antolakuntzako kide guztiak Urretxuko Ederrena pilotalekuan egongo dira, lanpartyaren arlo guztiak koordinatzeko.
Lehen Euskal Encounterra bertan ospatu zen, 1994an, non 36 parte-hartzaile bildu ziren 25 ordenagailuren inguruan, Internetik gabe noski. Erabaki hau omenaldi txiki bat izango da, iaz Barakaldoko BECen 5088 pertsona bildu zituen ekimenarentzat; egun bizi dugun egoera berezi honetan ere bertan-behera geldituko ez den ekimen eta festa honentzat.
Covid-19ak baldintzatutako egoera honetan, Euskal Encounterreko arduradunek aurrez aurreko formatua saihestu behar izan dute. Hori dela eta, parte hartu nahi duten guztiek aukera hori izan dezaten, 5088 parte-hartzailerentzako makro ekitaldi birtual bat antolatzea erabaki da. Bihar, asteartea, irekiko dira aurreinskripzioak www.euskalencounter.org webgunean, eta uztailaren 9an, osteguna, egingo dira behin betiko erreserbak.
Parte-hartzaileentzako jarduerak
Ekitaldiak egitarau zabala eskainiko du hiru egunetarako: prestakuntza eta jolas jarduerak, arte digitalaren, programazioaren eta bideojokoen esparruko lehiaketak, guztiak Internet bidez. Era berean, Opengune ezaguna, teknologia berriekin lotutako enpresek parte hartzen duten espazio irekia, gune birtual bihurtuko da, eta jarduera ludikoak eta prestakuntzakoak eskainiko ditu, bai eta interesa duten guztientzat doan eskuragarri dauden hitzaldiak ere.
Partyaren jarduera gehienak telebistako saio batean eman eta komentatuko dira, Twitch plataformaren bidez, streaming bidez.
Euskaltel Fundazioak antolatzen du Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, SPRIren bitartez. Euskaltel Fundazioaren egitekoa pertsona, enpresa eta ekimenen arteko lotura sustatzea da, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien erabileraren testuinguruan. Hori dela eta, urtero antolatzen ditu topaketa teknologiko hauek hiru lurraldeetan, informatikako eta teknologiako zaleen eta profesionalen artean ezagutzak, ideiak eta balioak partekatzeko helburuarekin.