Gipuzkoako Merkatarien Federazioak antolatuta, Donostiako Londres Hotelak tokian tokiko merkatarien urteroko jardunaldi profesionala hartu genuen atzo eguerdian. Bertan, establezimendu mota horien garrantzia nabarmendu dute eta Singular Dendak egitasmora batu diren komertzio berriei ongi-etorria egin zaie.
“Tokian tokiko komertzioa ezinbestekoa da gure hiri eta herrietan”, Julen Maiz Gipuzkoako Merkatarien Federazioko presidentearen hitzak dira, tokian tokiko merkatarien urteroko jardunaldi profesionala laburtzen dutenak, eta horrela nabarmendu dute ekitaldian parte hartu duten instituzioetako ordezkariek eta merkatariek.
Ekitaldian Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Komertzio sailburuak parte hartu du. Bere hitzetan sektorea “birmoldaketa fasean dago eta modernizazioa eta digitalizazioa ezinbestekoak ditu merkatuan berdinetik berdinera lehiatu nahi bada eta globalizazioak sustatzen dituen ohituren aurrean bizirik mantendu nahi bada. Edozein kasutan, ziur naiz birmoldaketa fasea gaindituko dugula, horretarako sinergiak baliatu behar ditugu, esate baterako, urtero urtero 4 milioi bisitari erakartzen dituen turismoarekin”.
Testuinguru horretan, Singular Dendak bezalako egitasmoen beharra azpimarratu dute. Izan ere, Singular Dendak egitasmoaren oinarrian tokian tokiko komertzio txikiak daude. Gure hiri eta herrietako kaleei bizia ematen dieten dendak, originalak eta benetakoak izateagatik nabarmentzen direnak.
“Hemengo dendak dira, hemengo jendeak sortuak eta garatuak; konprometituak dira, eskaintzen duten esperientziagatik bereizten direnak; nortasun handikoak, merkataritza eredu ezberdinak mantentzea lortzen dutelako; eta gertukoak izateaz gain bakarrak dira, bezeroekin batera hazi direnak”, horrela aurkeztu ditu Adela Balderas Singular Dendako enbaxadoreak Singular Dendak osatzen duten komertzioak.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin garatzen ari da Singular Dendak egitasmoa, eta Gipuzkoako komertzio original, bakar eta berezien sarea osatzea du helburu. Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak ekitaldian berritsi duenez, “GFA prest dago susperraldi ekonomikoa merkatarien ondoan sustatzeko, ez baitugu ulertzen komertziorik gabeko Gipuzkoa bat, Gipuzkoari bizipoza ematen dion komertziorik gabe”.
Komertzio txiki horietako jabe eta arduradunak balorean jartzea da Singular Dendak egitasmoaren bereizgarri nagusia, lurralde osoaren jarduera ekonomikoaren % 11 ordezkatzen duena. Julen Maiz Gipuzkoako Merkatarien Federazioko presidenteak etorkizunaz hitz egin du. Bere hitzetan, etorkizuneko erronkak dira “kalitatearen eta gipuzkoarron identitatearen aldeko apostua mantentzea, bereizgarritasuna sustatzen jarraitzea eta sinergiak lantzea, eta nola ez, bezeroa mimatzea”.
Ekitaldia amaitzeko, Hotel Londresera gerturatu diren 200dik gora merkatariek Francesc Muñoz Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Hiri Geografiako irakasle eta Hiri Behatokiko zuzendariak eskaini duen Tendencias comerciales en la ciudad futura: el comercio como ADN urbano hitzaldia entzuteko aukera izan dute.