Jauregi kaleko zati baten lurzorua aldatzeko lanak egin behar ditu Urretxuko Udalak, zehazki esanda 21 zenbakiaren paretik kale bukaerara bitarteko zatia.
Obra honen bitartez gaur egun dagoen galtzada-harria aldatuko da, zaildu egiten baitu oinezkoen joan-etorria, eta kale hasieratik dagoen modeloari emango zaio jarraipena; hau da, bi alboetan loseta granitikozko franjak eta erdian galtzada-harria mantenduz.
Herriko inguru horretan irisgarritasuna hobetzea da obra honen helburua, oinezkoen artean izaten diren erorikoak saihestu nahian. Obrak egin behar dituen enpresak ahalegina egingo du bizilagunei nahiz kultur etxeko eta liburutegiko erabiltzaileei arazo gutxien sorrarazteko, eta etxebizitzetarako eta eraikin publikoetarako sarbideak egokituko ditu pasabideak jarrita.
Hilabete eta erdiko iraupena izango dute lan horiek, baina eguraldiak laguntzen badu denbora gutxiago izan liteke; aurrekontu osoa 40.955.- eurokoa da.