Familia ugariek otsailaren 9ra bitartean eska dezakete Ondasun Higiezinen gaineko zergaren (OHZ) eta Trakzio Mekanikozko Ibilgailuen gaineko zergaren (TMIZ) hobaria, udaletxeko herritarren arretarako bulegoan.
OHZri dagokionez, %15 eta %90 bitarteko hobaria izango da, beti ere familia bakoitzaren urteko diru sarrera gordinen arabera. Hauexek dira baldintzak: hobaria aplikatuko zaion familiako pertsona guztiak etxebizitzan erroldatuta egotea, 2018ko urtarrilaren 1a baino gutxienez urtebete lehenagotik. Eta etxebizitzaren katastro-balioak 160.000 euro ez gainditzea.
Ibilgailuen Zergari dagokionez, zerga-kuotaren %30eko hobaria izango dute 5 plaza edo gehiagoko turismoek, beti ere indarrean dagoen legeriaren arabera familia ugariaren kontsiderazioa duen familiako kideren bat titular izanik, eta familia-unitatearen urteko diru-sarrera gordinak 80.000 eurotik gorakoak ez badira.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa, bi kasuetan, honako hau da: eskaera-orria, eskatzailearen NAN, AIZ edo pasaportea. Familia ugariaren indarrean dagoen titulua. Hala badagokio, Bizikidetza-Unitate Bereziaren profila justifikatzeko dokumentazioa. Familia-unitatea osatzen duten kide guztien azken errenta aitorpena edo hori aurkezteko obligazio ezaren egiaztagiria.
Gainera, OHZren kasuan zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da, familiako kideetatik inork beste etxebizitzarik ez duela aitortuz.