Urretxuko Udalbatzak aho batez onartu du Urretxu eta Zumarragako udalen arteko lankidetza hitzarmena, Sarralden musika entseguetarako lokalen kudeaketa arautzeko.
Hortaz, interesa aurkeztu duten bi herrietako 18 musika talderen beharrei erantzun nahi izan diote udalek. Horretarako, aurreneko fasean, itsas-garraioko 8 edukiontzi kokatu dituzte Sarralden, berauen egokitzapen eta intsonorizazio lanak hasi direlarik dagoeneko. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren oniritzia du, edukiontziak Kultura eta Gazteria Departamentuak utzi dituelarik.
Urretxuko Udalak, kokalekuaren jabea izanik, bere gain hartu ditu lurzoruaren kalitatea ikertzeko azterlanen zuzendaritza, garapena, proiektu teknikoa idazteko eta gainbegiratzeko zeregina, eta lan guzti horien gastuen ordainketa.
Proiektuak 91.000.-€ko aurrekontua du, hurrengo lan hauek barne hartzen dituelarik: aurretik egin beharreko eraispen lanak, edukiontziak eraikinaren barnean sartu, edukiontziak egokitzea, komunetarako egokitutako edukiontzi baten erosketa, iturgintza-lanak komunak saneamendu sarera lotzeko, gunea argindarraz hornitu, arotzeria lanak zorua altxatzeko, isolamendua eta sarrera egokitzeko lanak, etab,… Bi udalek kostuen % 50 hartuko dute beren gain.
Instalazioak Erabiltzeko Araudia ere adostuko eta idatziko dute bi udalek, lokalak erabiliko dituzten musika taldeekin parte-hartze prozesua egin ondoren. Bi udalerrietako politikariz eta teknikariz osatutako Jarraipen Batzorde bat eratuko da, eta lanen jarraipenaz eta instalazioen kudeaketaz arduratuko dira.
Amaitzeko, hitzarmena iraupen mugagabekoa izango da, eta berau interpretatzeko orduan sor daitekeen edozein gorabehera ebazteko irizpideak ere barneratzen ditu.