Kultura-Gazteria
Featured
Euskal Jaiko desfilea indartzeko laguntza eta pizgarri berriak jarriko ditu martxan Urretxuko Udalak
Karrozak egiteko udal-laguntza 1.000 eurora igoko da, talde bakoitzeko hamar lagunen bazkaria ordainduko da, sari berriak ezarriko dira eta izen-emate epe berri bat zabalduko da. Neurriak asteazkeneko parte-hartze saioan egindako proposamenetatik sortu dira.
Urretxuko Udalak hainbat berrikuntza jarriko ditu martxan Euskal Jaiko desfilean karrozekin parte hartzea sustatzeko. Hasierako izen-emate epean bi taldek bakarrik eman zuten izena, aurreko urteko 14 karrozen aldean. Egoerari erantzuteko, uztailaren 8an lanketa irekia egin zen egungo eta aurreko urteetako karrozeroekin, desfileko eragileekin eta herritarrekin. Guztira, 50 bat lagunek hartu zuten parte gutxi gorabehera.
Saioan jasotako proposamen guztiak onartu ditu Udalak, eta honako berrikuntza hauek aplikatuko dira:
- Karrozak egiteko materialetarako udal-laguntza 1.000 eurora igoko da.
- Karrozero eta eragile talde bakoitzeko hamar lagunen bazkariaren kostua hartuko du bere gain Udalak.
- Sariak berrituko dira: lehen saria nekazaritza-turismoko establezimendu batean asteburu bateko egonaldia izango da, eta bigarrena herriko zerbitzuetan erabiltzeko bonuak.
- Baldintza eta pizgarri berriekin izen-emate epe berri bat zabalduko da.
- Udalak harreman zuzena jarriko du aurreko urteetan karrozero izan diren taldeekin, parte hartzeko aukera berriaren berri emateko.
Hasierako epean izena eman duten bi karrozek desfilean parte hartzeko asmoa berretsi dute. Gainerako eragileek ere orain arteko ekarpenari eutsiko diote, eta Udalak talde guztiekin koordinatzen jarraituko du desfilea ahalik eta baldintzarik onenetan antolatzeko.
Parte-hartzetik sortutako erantzuna
Hartutako neurriak asteazkeneko saioan parte hartu zuten karrozeroen, eragileen eta herritarren esperientzia, iritzi eta proposamenetatik sortu dira.
Lanketan, karroza bat prestatzeak eskatzen dituen lana eta kostua, belaunaldi-erreleborik eza, boluntariotzaren beherakada eta aurreko urteetako esperientzia belaunaldi berriei transmititzeko zailtasunak aztertu ziren. Horrez gain, karrozak prestatzeko prozesuan laguntza handiagoa eskaintzeko eta jaiak amaitu ondoren balorazioa lehenago egiteko beharra nabarmendu zen.
Udalaren iritziz, parte-hartze saioak aukera eman du egoera modu irekian eta eraikitzailean aztertzeko eta konponbide zehatzak adosteko. Helburua da karrozeroen lana erraztea, haien ekarpena aitortzea eta herritar gehiago Euskal Jaiko desfilean parte hartzera animatzea.
Aurtengo Euskal Jaia amaitu ondoren, urrian balorazio- eta hausnarketa-prozesu bat egingo da, desfilearen etorkizuna, belaunaldi-erreleboa eta hurrengo urteetako antolaketa garaiz lantzeko.

