Kultura-Gazteria

Antxiñe Mendizabalek  “Katona” aurkeztu du kultur etxean
Featured

Antxiñe Mendizabalek “Katona” aurkeztu du kultur etxean

 Antxiñe Mendizabalek "Katona" bere bigarren eleberria aurkeztu du Urretxuko kultur etxean, komunikabideen aurrean.

 Katona bahitu zuten neskatila baten istorioa da. Umea jaio orduko, Txerren deabrua hartaz jabetu zen, eta idazle-arimaz hornitu zuen; hurrena izena kendu zion, ordea, eta harekin batera izana. Txerrenek ez zion utzi beste inor maitatu ahal izaten, ezta maitasunaz idazten ere.

Eleberri hau bidaia espirituala da, amets eta sorginkeria artean idatzia. Maitasunari buruz hitz egiten digu, eta maitasunaren kontakizunaz. Hartaz idazteko zailtasunaz dihardu, eta ahots propio baten bilaketaz, begirada patriarkaletik urrun, inolaz ere.

Prosa dotore, ahozkotasunaren musikaltasun eta irudimen bridagabearen bidetik, eleberri liluragarri eta ahaltsu honek gotikoaren berrikuspena eskaintzen digu, euskal literaturak inoiz gutxitan bezala, irakurketa gogoangarri eta ezinbesteko baten lerroetan barrena.

Antxiñe Mendizabal Aranburu (Zumarraga, 1968). Idazlea eta editorea. Kazetaritzan aritu ondoren, historia-dibulgazioko hainbat liburu argitaratu zituen. Haur literaturan urteetako jarduera oparoa egin zuelarik, idatzi zuen helduentzako lehenengo liburua: Emakume burugabea izeneko poesia-narrazio ilustratua. Izen bereko ikuskizuna prestatu eta eraman zuen taulara handik pixka batera. 2020. urtean eman zuen argitara bere lehenengo eleberria: Odolekoak. Vínculos izenburupean argitaratu zuen gaztelaniaz Consonni argitaletxeak. Katona bere bigarren eleberri honetan, orain arteko literatura-ibilbidetik aldendu eta bestelako ahots eta estilo baten aldeko ariketa egin du.

Aurkezpen bideoa

 

Urretxuko udala