Urretxu eta Zumarragako Udalek 2023ko arte eszeniko egitarauaren programa aurkeztu dute.
HELDUENTZAKO IKUSKIZUNAK
Helduentzako ikuskizunei dagokienez, bederatzi saio egongo dira. Hilero saio bat egongo da, urtarrilean, uztailean eta abuztuan izan ezik. Guztiak hileko lehen ostiralean izango dira. Irailaren 1eko antzerki saioan Joseba Apaolaza aktore urretxuarrak parte hartuko du. Sagastitarrak antzeztuko du, Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria aktore gazteekin batera.
Sagastitarrak antzezlaneko protagonistak goi burgesiako familia batetako kideak dira. Alaba giza ekintzaile feminista da, bere lehen abizena aldatzea erabaki du eta bere amarenaren alde egin du. Familia buruarentzat (Joseba Apaolaza) ulertezina da eskualdean tradizio handikoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Abizenari segida emateko, amarru eta martingala guztiak erabiliko ditu.
Urteko gainontzeko ikuskizunei dagokienez, otsailaren 3an La Roca taldeak Porno komedia antzeztuko du, martxoaren 3an Antton Telleria telebista aurkezle eta aktoreak Nekatutak bakarrizketa, apirilaren 14an Txalo taldeak Lehendakari gaia (Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxagarekin), maiatzaren 5ean Spectare Teatrok La verdadera historia de la muerte de Franco, ekainaren 2an La dramatica errante taldeak Altsasu, urriaren 6an Arima Soul taldeak jazz, soul eta funk kontzertua egingo du, azaroaren 3an Yllana konpainiak Trash lana antzeztuko du eta abenduaren 1ean Las niñas de Cadiz taldeak El viento es salvaje lana taularatuko du. Emanaldi guztiak 20:15ean hasiko dira, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Sarrerek 10 euro balio dute, baina Gazte Txartela aurkezten dutenek 7 euro bakarrik ordainduko dute. Gainera, antzerki saioaren egunean, 19:45etik 20:15era, 30 urtetik beherakoek 5 euro bakarrik ordainduko dute.
Emanaldi guztiez gozatzeko aukera ematen duen bonuak 70 euro balio du. Euskarazko saioetarako bonuak, berriz, 35 euro balio du. 2022ko bonua mantendu nahi dutenek, hilaren 16an Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute: 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era. 2022ko bonua aurkeztu behar dute. 2022ko bonua eduki arren aldatu nahi dutenek, hilaren 18an jo behar dute kultur etxera, ordutegi berean. Horiek ere iazko bonua aurkeztu behar dute. Bukatzeko, aurten lehenengoz bonua erosi nahi dutenek eta euskarazko saioetarako bonua erosi nahi dutenek, hilaren 21ean jo behar dute kultur etxera: 10:30etik 13:00etara.
HAURRENTZAKO ANTZERKI SAIOAK
Bi udalek, urteroko moduan, haurrentzako antzerki saioak ere antolatu dituzte. Otsailaren 5ean Markeliñe taldeak Mamut lana taularatuko du, martxoaren 19an Potx eta Lotx pailazoak etorriko dira, apirilaren 23an Mar Mar Teatrok Arrainak bihotzean antzeztuko du, maiatzaren 6an Pirritx, Porrotx eta Marimotots etorriko dira, urriaren 15ean Gorakada taldeak Zuhaitzak landatzen zituen gizona taularatuko du, azaroaren 12an Maite de Jongh Doss kolektiboak Esna lana antzeztuko du eta abenduaren 3an Hodei magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.
Saio guztiak 17:00etan izango dira. Denak Urretxuko Labeaga aretoan izango dira, Pirritx, Porrotx eta Marimototsena ezik. Hori Ederrena pilotalekuan izango da. Labeagako emanaldietako sarrerak 5 euro balio du eta Ederrenakoak 7. Bonuak ere egongo dira. Haurrari laguntzaile batekin joateko aukera ematen dionak 30 euro balio du eta haurrarentzat bakarrik balio duenak 20. Bonuak hilaren 16tik aurrera salduko dira, Urretxuko kultur etxean, astelehenetik ostiralera, 16:30-20:00 ordutegian.
Hemen emanaldi guztien informazioa.
HELDUEN PROGRAMAZIOA
IKUSKIZUN ESZENIKOAK 2023 -DOSSIERRA HELDUAK.pdf
Popular 414.85 KB 569 |
13/01/2023 15:46:03 |
HAURREN PROGRAMAZIOA
IKUSKIZUN ESZENIKOAK 2023 -DOSSIERRA HAURRAK.pdf
Popular 395.71 KB 603 |
13/01/2023 15:46:25 |