Iazko etenaldiaren ondoren, aurten bai, San Martin eguna bueltan da, eta indarberrituta dator gainera. Izan ere, ohituraz abenduan ospatzen zen baserritarren feria, aurten azaroak 11n ospatuko da, bai feria eta bai San Martin eguna indartzeko asmoz. Ez hori bakarrik, auzotarrez eta baserritarrez gain, Herri Kirol taldekoak ere bertan izango ditugu. Gure ohiturak berreskuratu eta ezagutzera emango dituzte gerturatzen diren haur eta helduen artean.
Ohiturak aipatu ditugu eta hari horri tiraka 1976 ingurura heldu gara. Orduan hasi zen Urretxuko San Martin auzoko bizilagun talde bat San Martin auzoan pintxo dastaketa eta jolasak antolatzen. Urteen poderioz, eta Udalaren laguntzarekin, ekimena indarra hartzen joan da, toki aldaketa zenbait ere izan ditu, baina usadioak bizirik darrai, eta San Martindarren auzo izaerak ere bai. Hala, 2021ean berriro ere irtengo dira Iparragirre plazara, herria girotu eta herritarrak alaitzera.
Hasieran aipatu moduan, aurten inoiz baino protagonista, partehartzaile eta laguntzaile gehiago bilduko ditu San Martin egunak, beraz, programa ere bereziki aberatsa izango da:
Arratsaldeko 17:00etan, abenduko ferian egin ohi zen moduan, Baserritarrentzako lanabes zozketa egingo da Iparragirreko karpan.
Ordu berean, haurrentzako jolasak hasiko dira; txokolatea ere eskainiko diete auzotarrek eta opari eta sariak parte hartzaileentzat.
18:00inguruan, eta Urretxu Zumarragako Herri kirol taldeak antolatuta, Herri Kirol erakustaldia egongo da toki berean, karpan, bertaratzen direnek kirol ezberdinak ezagutu eta gozatzeko aukera izan dezaten.
Amaieran, 19:00 inguruan odolki pintxo dastaketa hasiko da eta 19:30 aldera Iparragirre Balerdi Musika Tailerraren eta Lizarriturri txistulari taldearen kalejirei hasiera emango zaie. Hauek 20:30 inguruan San Martin auzoan eskainiko dute bere Musika eta gero Iparragirre plazara gerturatuko dira.
Aipatu, gainera, arratsalde osoan zehar boletoak salduko direla 21:00etan egingo den zozketarako. Zozkatuko dena bi urdaiazpiko izango dira eta jasotako dirua, berriz, AGIFES elkartearentzat izango da.
Zozketarekin emango diogu amaiera San Martin egun borobil honi, baserritarrak, auzotarrak, herri kirol elkartekoak, musikariak… denok elkartzeko aukera izango dugu aurten.