Abenduaren 18an aurkeztuko du Antxiñe Mendizabalek bere azken lana "Odolekoak" eleberria, Urretxuko udaletxeko portaloian. Aforo muga dela eta, aldez aurretik erreserbatu behar da lekua 943 038088 telefonora deituta.
1941ean hasi eta oraintsu arte, Iruñeko familia baten historia kontatzen digu nobelak, hiru belaunalditan zehar, hiru emakumeren bitartez: Matilde, Teresa eta Amaia, nor bere ama bilatzen eta ukatzen duten hiru matrioxka.
Unean uneko modak, gertakariak eta bizimoduak pasatzen dira ispilu ibiltari baten aurretik; gizartearen tenkak, borrokak eta aldaketak ageri dira kronika bizi honetan. Historia handiaren gainetik, ordea, hainbat jenderen istorioak ezagutuko ditugu: Echalucetarrenak, baina baita haien ahaide, neskame, lagun eta etsaienak ere.
Baina, batez ere, ama-alaba harremanei buruzko kontakizun sakon, gogor eta hunkigarria da esku artean duzuna: lotura zail, konplexu eta mingarria, sentimendu kontrajarriz osatua, edari bizi batzuen antzera, sartzean eztarria erre eta barrena luzaroan berotuko dizuna.
Antxiñe Mendizabal Aranburu (Zumarraga, 1968) euskal idazlea eta kazetaria da, editorea lanbidez. Zumarragako historiari buruzko hainbat liburu argitaratu ondoren, abiatu zen literaturaren bidean, haurrentzako irakurgaiak sortuz. Nire amak ez dauka erremediorik (2009), Lotsatia naiz, eta zer? (2010), Katti beti endredatzen (2011), Ametsi tripek hitz egiten diote (2012), Nire alabak ez dauka erremediorik (2013), Printzesa guztiek dute bere ipuina (2014), Ama gaiztoaren ipuina (2015), eta Printzesa eta ergela (2017). Emakume burugabea izeneko poema ilustratua eman du, azkenekoz, argitara Iraia Okinarekin batera, eta izen bereko ikuskizuna taularatu du Nerea Gartzia eta Pello Ramirez musikariarekin.
Aurkezpen-ekitaldian, alde batetik, Gotzon Aranburuk liburuaren sormen-prozesua kontatzen duen ODOLEKOAK IRUDIKATZEN bideoa aurkeztuko du. Eta bestetik, Antxiñe Mendizabalek egileak eta Monika Leiva gidariak liburuaren ingurukoez hitzegingo dute. Solasaldi bat izatea nahiko genuke, ikus-entzuleen parte-hartzearekin.
Hemen duzue liburuaren lagin bat, aurrerapen modura, dasta dezazuen. Liburua salgai egongo da egunean bertan eta dagoeneko herriko liburudendetan duzue: Aitxu, Aresti, Gráficas Legazpi eta Urki.
Aurrerapena Odolekoak.pdf
Popular 152.73 KB 1347 |
28/11/2020 13:55:33 |
Eta hemen Antxiñeri egindako elkarrizketa
Odolekoak. ElkarrizketaLuzea.pdf
Popular 78.43 KB 1551 |
28/11/2020 13:55:49 |