COVID-19 pandemiak sortutako egoera dela eta, Urretxuko Udalak, San Martin auzoko bizilagunekin batera, egun horretako jai ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du: haur jolasak, Iparragirre Balerdi bandarekin musika, odolki dastaketa karpan, zozketa solidarioa…
Duela 45 urte, San Martin auzoko bizilagunek auzoan bertan ospatzen zuten jaia eta urte batzuk geroago, Udalak jaia lehenengo Gernikako Arbola plazara eta ondoren Iparragirre plazara ekartzea proposatu zien, festa herritar guztiekin partekatzeko eta urretxuar guztiengana iristeko. Horrela egin da urte hauetan guztietan, San Martingo auzokide talde nekaezin baten laguntza, lan eta ilusioarekin, Udalarekin lankidetzan.
Badakigu aurten ezin dela festa eta ospakizunik egin, baina egunari keinu bat egin diezaiokegu eta bertako ekoizleek mimoz egingo dituzten odolki goxoak erosi eta etxean dastatu. San Martinek udazken usaina du, hego haize eta odolki usaina. Jarrai dezagun odolkiak dastatzeko ohiturarekin, aurrerantzean berriro jai giroan egingo dugula pentsatuz.