Urretxun bagenekien 2020 urtea berezia izango zela, Iparragirreri eskainitako urtea izan behar baitzuen, haren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko. Halabaina, nork pentsa zezakeen azkenean urte honetako protagonista nagusia gure bizitzak erasotzera eta hankaz gora jartzera etorriko zen COVID 19 izeneko birus arriskutsua izango zela.
Gauzak horrela, urtean zehar hainbat eta hainbat ekitaldi gelditu dira bertan behera, batez ere jaiekin zerikusia dutenak. Festek eta ospakizunek pertsonak elkartzea dakarte beraiekin, elkarrekin eta elkarrengandik gertu bizitzen ditugulako, topera, eta zer esanik ez Urretxun.
Honen aurrean, eta 2020ko iraileko Santa Anastasia jaiei begira hartu beharreko erabakiak hartu ahal izateko, JAI BATZORDEAK bi bilera antolatu zituen Jaietako eragileekin, bata ekainaren 17an egin zen eta bestea uztailaren 15ean. Batean zein bestean herriko elkarte eta norbanakoak, karrozeroak eta Udal ordezkariak izan ziren, eta egoeraren larritasunaren jakitun, txalotzekoa den jarrera arduratsu bezain eskuzabala adieraziz, aho batez erabaki zuten 2020 urtean ez genuela Santa Anastasia jairik ospatuko, ez betiko jaiak ezta gaur egun esan eta izaten diren “ezjaiak” ere. Denon iritziz, guztiz ezinezkoa litzateke arrisku egoerak ekiditea eta garbi dago koronabirusa ez dela broma, persona askoren bizitza lapurtu digula eta oraindik beste gaixo askok borrokan darraitela.
Beraz, berri hau herritarrekin, zuok denokin, konpartitzean alde batetik tristura sentitzen dugu, baina bestaldetik oso harro sentitzen gara jaietako eragileek, guztiek, gazteek eta ez hain gazteek, azaldu duten heldutasuna, solidaritatea eta eskuzalbaltasunagatik. Askotan aipatzen dugu Urretxuar izaera berezia dela, gainbalioa dela eta benetan oraingoan ere agerian gelditu da.
2021. urtea iritsiko da eta, ondobidean, izango dugu aukera, orduan bai, URRETXUKO SANTA ANASTASIA JAIAK merezi duten moduan ospatzeko. Gora Urretxu eta urretxuarrak.
URRETXUKO JAI BATZORDEAK