Uztailero Urretxuko liburutegiaren aurrean jartzen den haurrentzako terraza honek ez du hutsik egin nahi izan.
Konfinamenduak, beste gauza askoren artean, literaturari merezi duen balioa eman dio; liburuek bakardade garaian egiten diguten konpainia, itxialdietan irekitzen dizkiguten irudimen-leihoak eta gogaituta gaudenean eskaintzen diguten entretenimendua balioan jartzen lagundu digu.
Literaturaren balio hori transmititu nahi zaie Urretxuko haurrei. Horretarako, txikienen artean literatura sustatzeko, sortu zen biblioparkea 2013an. Udako liburutegiak haurrentzako liburuak eta argitalpenak, ipuinak, komikiak... eskaintzen ditu eta uztailean ostegunero erabil daiteke 10: 00etatik 12: 00etara, eguraldiak laguntzen badu.
Aipatu behar da uda honetan, eta bizi dugun egoera hain berezia ikusita, beharrezko neurriak hartuko direla jarduera aurrera eramateko, erabiltzaileentzat eta langileentzat inolako osasun-arriskurik gabe. Horregatik, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, biblioparkean gel hidroalkoholikoa egongo dira eta erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia mantenduko da, betiere bizikidetza-unitate berekoak ez badira. Liburuak eta ipuinak erabilera bakoitzaren ondoren erretiratuko dira eta berrogeialdian utziko dira; beraz, ostegunero liburuen eskaintza berrituko da.
Hurbildu eta gozatu!