Pasa den larunbatean jokatu zen Trebezia Lehiaketako finala Labeaga aretoan. Lehiaketa hau herriko ikastetxeetako haurrei zuzendurik egon da eta erantzun oso ona izan du, ehundaka gaztetxo izan baitira parte hartu dutenak. Larunbateko finalean, izena emandako ia 60 talderen arteko 24 onenak izan ziren lehian nor baino nor eta azkenean, hainbat proba egin ostean, “Piratak” taldea (Zigor Torquemada, Ibai Izagirre, Danel Taboada) izan zen nagusi, puntuaketa estu joan bazen ere.
Larunbateko saioa ere jendetsua izan zen eta Labeaga aretoa txiki geratu zen ia, sailkapen faseko saioetan bezala. Izan ere, partehartzaileek jende andana mugiarazten dute, euren guraso, senitarteko, lagun eta gainerakoak ere saioa bertatik-bertara jarraitzen baitute. Esan bezala, talde finalistek hainbat proba egin behar izan zituzten, euren trebezia erakusteko, eta onenek fase ezberdinak igaro eta aurrera egin zuten. Haserako 24 taldeen artetik zortzi pasa ziren bigarren txandara eta horietatik lau baino ez azkeneko probetara. Talde irabazlearen atzetik, “Los Nuvis” (Urko Agirrezabal, Alain Gallardo, Gorka Redolfo), “Euskaldunak” (Ekain Izagirre, Naira Barreros, Maialen Arrizabalaga) eta “Oberenak” (Amets Arakama, Santino Maestre, Aimar Perez) izan ziren indartsuenak, bigarren postutik laugarrenera, hurrenez-hurren. Azkeneko ariketetan, gainera, partehartzaileek euren gurasoen laguntza izan zuten ohiko koreografia osatzeko, eta horrek umorea erantsi zion amaierari.
Amaieran, lehenengo lau sailkatuek sari bereziak jaso zituzten, Maialen Fidalgo eta Mikel Serrano, Urretxu eta Zumarragako udal ordezkarien eskutik. Antolatzaileek positiboki baloratu dute ekimena: “Trebezia Lehiaketak aurten ere izan duen erantzuna ikaragarria izan da, ia 200 haurrek hartu dute parte guztira, adin tarte horretako herriko haur guztiek ia, eta ikuskizuna aparta izan da. Aurten 8. edizioa bete ostean, aurrerantzean ere ildo beretik jarraitzeko asmoa dugu”. Bukaeran, gaztetxo ugari datorren urteko edizioaz galdezka ari ziren jadanik, eta aurten adin minimora iritsi ez baina datorren urtean iritsiko diren zenbait gaztetxo ere irrikitan zeuden euren aukera noiz helduko: “aurten ez dut parte hartzerik izan baina datorren urtean parte hartzeko moduan izango naiz eta urte guztia daukat entrenatzeko”. Hori da izpiritua!