Bihar Patxi Andionek Iparragirre sarien banaketan. Artista gainera, Iparragirre Literatur Sarien epaimahaiko kidea da” horrela hasten zen Diario Vascoren tokiko kronika duela urte eta erdi, eta 2020ko martxoaren 6an ere antzeko hasiera izango zuelakoan geunden, baina ez da posible izango.
Patxi Andionek oso harreman berezi eta estua izan du aspaldidanik Urretxurekin, Jose Mari Iparragirrerekiko zuen miresmen eta zaletasunaren ondorioz sortutako harremana. Zaletasun horrek berak eraman zuen 1973an Iparragirreren kantuei ahotsa jartzera, Euskal musika herrikoiaren berreskuratze horretan sinbolo bilakatuko zen disko batean. Orduz geroztik Andion eta Iparragirreren izenak betiko lotuta geldituko ziren euskal kantuzaleen artean.
Iparragirrerekin zuen harreman berezi horrek hurbildu zuen Urretxun eta Zumarragan ematen diren Iparragirre literatur sarietara ere. Horrela, 2016an sarietako epaimahaikide izatera pasa zen, gaztelerazko poesia eta narratiba alorretan, F. Maraña, JM. Corman eta E. Romanekin batera.
Hurrengo urtean, sari banaketan parte hartzeaz gain, kontzertu hunkigarri bat ere eskaini zuen Tourseko San Martin parrokian. Azken egunotan, hain zuzen, epaimahaia narratiba eta poesiako sariak ebazten ari zen, azken erabakia ezagutzera emateko. Tartean Patxi zegoen.
Irabazleen izenak martxoaren 6an emango zituzten ezagutzera, Patxik benetan apreziatuko lukeen ekitaldi batean; Iparragirreren jaiotzaren 200.urteurrena izanik zerbait berezia prestatzen ari baikinen denok batera.
Gozatuko zukeen eta gozaraziko zigukeen, baina ezingo da izan. Ez da izango.
Besarkada handi bat zure herritik, Patxi.