Urretxu eta Zumarragako Musika taldeak otsailean hasiko dira Sarraldeko entsegu lokalak erabiltzen. Lau lokal egokitu dira eta 18 taldek entseatuko dute. Urretxuko eta Zumarragako udalekin erabilera araudi bat adostu dute eta txartel batekin sartu eta irtengo dira.
Egitasmo honetan bi udalek, aldundiak, jaurlaritzak eta gazteek lan egin dute. Aldundiak itsas garraiorako erabiltzen diren zortzi edukiontzi eman ditu entsegu lokal bezala egokitzeko eta jaurlaritzak 53.000 euroko diru-laguntza eman du. Pasa den ostegunean, Eusko Jaurlaritzako bi ordezkari Sarraldera etorri ziren, lokalak ikustera: Beatriz Altolagirre Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Ander Añibarro gazteria zuzendaria. Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak egin zituzten gidari lanak.